Goizaldeko 06:00ak aldera abiatu da Gasteizko URSSA eta EGA antzinako fabriken barruan bizi diren pertsonen aurkako operazio polizial handia. Ertzaintzak, Espainiako Poliziak eta Udaltzaingoak parte hartu dute, eta dozenaka ibilgailu eta 70 agente inguru mobilizatu dituzte bi eraikinak inguratuz. Inguruko kaleak guztiz itxita geratu da, eta poliziek pabiloi eta txoko guztiak arakatu dituzte barruan bizi ziren pertsonak identifikatzeko.
Banan-banan identifikatu dituzte fabriketan bizi diren 120 bat pertsonak, eta Espainiako Poliziarekin hitzordu bat eman diote bakoitzari, datozen egunetarako, maiatzean zein ekainean. NIE bat (Atzerritarren Identifikazio Zenbakia) emango dietela hitzeman diete bizilagunei, baina iturri ezberdinen arabera zenbait pertsonaren kasuan espedienteak ireki daitezke kanporatze prozedurak aztertzeko. Guztiei ez, baina fabriketako bizilagun batzuei pasaportea eta dokumentuak kendu dizkiete.
Aldi berean, Poliziak bizilagunen gauzak eta fabriketan zeuden objektuak arakatu dituzte, lapurtutako materiala egon zitekeen aztertzeko. Objektuetako batzuk kendu dizkiete, lapurtuak zirelakoan.
Identifikazio prozesua amaitu ahala, pertsonak fabriketatik ateratzen joan dira, eta Udaleko Hurbil zerbitzuko langileek arreta eman diete etxegabe batzuei, nahiz eta gizarte langileei ez dieten operatibo bitartean barrura sartzen utzi. Zenbait iturriren arabera, Espainiako Poliziaren Atzerritartasun unitatea arduratuko da egoera administratiboa baloratzeaz, eta guztiei Atzerritartasun Bulegoan aurkezteko hitzordua eman diete.
Poliziaren susmoa da fabrikako biztanle batzuek lotura dutela azken hilabeteetan hirian izandako lapurreta kasu batzuekin. Gasteizko alkate Maider Etxebarriak atzo iragarri zuen udala neurriak hartzen ari zirela desalojoak egiteko. Goizeko 09:00etarako, URSSA eta EGAko instalazioak guztiz hustuta zeuden, baina zenbait iturriren arabera ez da desalojo bat izan, eta fabrikara itzuli ahal izango dute bizilagunek, Poliziarekin hitzordua eduki bitartean.
Instituzioei ardura eske
Astelehenean bertan ehunka pertsona pertsona bildu ziren Foru plazan, 50 eragile ezberdinek deituta, eta bertan ardura eskatu zieten instituzioei, Gasteizko etxegabeen egoera konpontzeko, bereziki Gasteiz hegoaldeko fabrika hauetako biztanleena.
Azken asteetan emandako gertakariak gaitzetsi zituzten bertan bildutako kideek. Horrez gain, baliabide instituzional gehiago eskatu zituzten, eta elkartasuna aldarrikatu, diskurtso faxista eta supremazistak gailentzeko arriskuagatik kezkatuta.