'Poesia mailu bat da' literatura jaialdiaren III. edizioa asteburuan

Jon Hidalgo 2026ko ekainaren 3a

Hainbat idazle nabarmendu igaro dira Azpimarraren jaialdiko solasaldietatik. Argazkia: ALEA.

Azpimarra irakurle (lanpetuen) taldeak hirugarren urtez antolatu du literatura jaialdia Gasteizko Gaztetxean. Ekainaren 5ean eta 6an, tailerrak, mikro irekia, poesia ekitaldia eta kontzertuak izango dira, eta Eider Rodriguez eta Harkaitz Cano idazleen solasaldia, ipuingintzari buruz.

Asteburu honetan ospatuko da Poesia mailu bat da jaialdiaren III. edizioa Gasteizko Gaztetxean, Azpimarra irakurle (lanpetuen) taldeak antolatuta. Ekainaren 5 eta 6ko egitarauak literatura eta sorkuntza izango ditu ardatz, eta tailerrak, solasaldiak, poesia eta musika uztartuko ditu.

Antolatzaileek azaldu dutenez, jaialdiaren helburua da ez da soilik literatura aldarrikatzea bere horretan. "Bizi dugun munduaz hitz egiten duen eta hori eraldatzeko balio duen literatura" aldarrikatzen dute Azpimarratik, ez "isolatzen eta entretenitzen" duena. Horregatik da, hirugarrenez, jaialdiaren izenburua "Poesia mailu bat da".

Ostirala: tailerrak, mikro irekia eta Xak

Ekainaren 5ean, ostiralez, bi tailer eskainiko dira 17:00etan. Lehena, Fabula argiak garai ilunentzat: "Inurriari idazketa tailerrera etortzeak nagia eman zion... eta Kutxiko terraza baterako bidean elefante batek zapaldu eta hil zuen. Moraleja: etorri tailerrera." Tailer honetan sinboloekin jolastu, moralejak asmatu eta haien inguruan kontakizun laburrak sortzeko aukera izango da. Animaliak, objektuak eta bestelako izakiak agertuko dira, "baina kontatuko dituzten kezkak eta desirak gureak izango dira"

Bigarrena, Poesia reel tailerra: "Literatura ez dago denboraren joanetik aparte. Horregatik, belaunaldi bakoitzak egin beharreko lana da literatura birsortu eta norbere garaiarekin konexioan jartzea, merezi duen zerbait esan nahi bada, behintzat". Tailer honetan geroz eta gehiago zabaltzen ari den poesiaren modalitatera sarrera praktiko bat eskainiko dute. Instagram, Tik Tok edo Youtuben zabaltzen ari diren bideo bidezko poesia errezitatuen bidea jarraituz, zuzenean sortuko da reel bidezko poesia-bideo bat, momentuan bertan grabatuz, editatuz eta formatu honi buruz hausnartuz.

19:00etan poesia mikro irekia egingo da, parte hartu nahi duen ororentzat, gaia eta hizkuntza librean. Ondoren, Xak talde baxenafartarrak joko du, pop eta folk doinuak uztartuz.

Larunbata: Mahai-ingurua, poesia, Aner eta Koimbra

Larunbatean, 18:30ean, ipuingintzari buruzko solasaldia egingo da Gaztetxean. Eider Rodriguez eta Harkaitz Cano idazleek parte hartuko dute, Azpimarrako kide batek gidatuta, eta halako gaiai buruz arituko dira, besteak beste: zergatik idatzi ipuinak, nondik hasi, nolako pertsonaiak sortu, edo zer toki duen ipuinak euskal literaturan gaur egun.

Gauean, poesia ekitaldia izango da, Gaztetxeko teilatutik zuzenean, eta ondoren kontzertuak: Aner kantautore donostiarra eta Koimbra taldea. Azken hau Gasteizen sortutako talde berria da, kontserbatorioan traumatutako zazpi kidek osatua, eta estilo ezberdinak uztartzen saiatzen dena.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago