"Jaialdi honek ere izan nahi du mailu"

Jon Hidalgo 2025eko ekainaren 11

Gasteizko Gaztetxean ospatuko da literatura jaialdia. Argazkia: ALEA

Nola egin irakurle talde bat, irakurtzeko denborarik ere ez badago? Literatura denbora pasarako tresna da, edo mundua aldatzekoa? Poesiak kriptikoa behar du izan, hala ulerterraza ere izan daiteke? Halako galderetan murgilduta dabil 'Azpimarra, irakurle lanpetuon taldea', eta jaialdia dute asteburuan Gasteizko Gaztetxean.

Ostegunetik larunbatera ospatuko da, bigarrenez, Poesia mailu bat da literatura jaialdia, Azpimarrak antolatuta. Leire Lakasta eta Larraitz Fagundez kideekin hitz egin dugu, jaialdiaren nondik norakoez eta literaturaren balioaz.

Bigarren aldiz antolatu duzue jaialdia. Zein helbururekin?

Larraitz Fagundez: Urte osoan zehar irakurle talde bezala egiten dugun lana zabaltzea eta beste gauza batzuk sartu ahal izatea. Liburu baten gainean lan egin beharrean, literaturaren beste aspektu asko ere landu. Eta jende gehiagori helaraztea; egiten ditugun irakurle saioetara hurbiltzen ez den jendea hona agian errazago hurbildu daiteke. Ikusita iaz arrakasta izan zuela jaialdiak eta gu oso pozik gelditu ginela, egitarauarekin zein emaitzarekin, pentsatu genuen zentzua zuela aurten berriro egiteak. Iazko irakaspen nagusia izan zen hamabi ordu jarraian poesiarekin egotea gehiegi zela, eta egitaraua hiru egunetara zabaldu eta dosifikatzea erabaki dugu.

'Poesia mailu bat da'. Zergatik?

Leire Lakasta: Iaz izendatu genuen hala jaialdia, eta aurten gaurkotasun berezia du, Gabriel Arestiren esaldia baita izenburua, eta duela astebete bete dira 50 urte Aresti hil zela. Jaialdi honek ere izan nahi du mailu, eta poesiaren mailutasun hori azpimarratu nahi dugu. Potentzialitate hori du poesiak, ez du zertan mailu izan, baina guk mailu izan nahi duen poesia defendatzen dugu. Poesia, literatura...

"Poesiak ez du zertan kriptikoa izan, kandelez lagunduta irakurtzekoa"

Mailu izateak ematen dio balioa poesiari?

LF: Balioa ulertzeko moduaren arabera. Literaturak eduki dezake bere horretan balio artistikoa, balio teknikoa edo gozamenerako balioa, estetikoa... Baina guri interesatzen zaigun literatura da berdintasun eta askatasunean oinarritutako munduaren alde egiten duena, gure garaiarekin lotzen gaituena. Horregatik uste dugu literaturak balio berezia duela baldin eta hori lortzeko tresna bat bada. Izan daiteke literatura bat islatzen duena errealitatea den bezalakoa, edo are gehiago, literatura bat balio diguna irudikatzeko bestelako mundu batzuk; ideiak zabaltzeko, jendearen esperientziekin eta emozioekin konektatuko duen modu batean.

LL: Tresna bat gehiago da literatura, ez da tresna bakarra. Baina jaialdi hau izan daiteke modu bat, batetik, literatur zalea den jendea mailutasun horretara hurbiltzeko, eta Gaztetxera hurbiltzeko, bide batez. Eta bestetik, kalean politika egiten dabilen jendea literaturara hurbiltzeko.

Zer antolatu duzue egun hauetarako?

LL: Ostegunean hasiko da, ekainaren 12an, eta stand-up umore ikuskizuna izango dugu Gaztetxean, bakarrizketak egiten ariko dira Asier K, Lander Varona eta Ione Bengoa. Batzuetan ematen du literatura edo poesia dela oso iluna, kriptikoa, ulertzen zaila, kandela batzuekin lagunduta irakurri beharreko zerbait, aditua izan behar zarena. Kontrakoa erakutsi nahi genuen, izan daitekeela hizkera zuzenarekin egina, umoretik, ahozkotasunetik.

"Entretenimendu hutsera bideratuta dago kultura, isolamendura"

Tailerrak ere izango dituzue.

Ostiralean izango ditugu tailerrak, fanzine tailerra eta idazketa tailerra, eta iluntzean poesia mikro irekia egingo da. Mundu guztia dago gonbidatua parte hartzera; pisua kendu nahi diogu poesia irakurtzeari. Larunbata izango da egun luzeena. Bertsotan emango diogu hasiera arratsaldeari, eta 18:30ean mahaingurua izango dugu, Maddi Sarasua eta Xabier Montoiarekin, belaunaldi ezberdinetako idazleak literaturaz hausnartzen. Ondoren Stilt eta Gozzue taldeen kontzertuak izango ditugu, eta DJak. Gainera, egun osoan zehar egongo da aukera presoei poesia gutunak idazteko, eta kartel erakusketa bat ikusgai.

Bi urtetik gora daramatzazue 'irakurle lanpetuon talde' gisa. Nolakoa izan da ibilbidea?

LF: Irakurle lanpetuon taldea deitu zitzaion handiuste zantzuak kentzeko, ez emateko aditua izan behar duzunik hurbiltzeko. Zerbait gaztea, literatura gustatzen zaion jendearentzako, elkarrekin ikasteko; betiere kritikotasun batetik, interes politiko edo sozial batzuekin. Baina kontuan izan behar da daukagun egunerokotasuna, denok konpromiso pila bat ditugu, askotan ez dugu denborarik izaten irakurtzeko. Horregatik ez da beharrezkoa liburua irakurrita joatea, gehiago interesatzen zaigu dinamika sortu eta espazioa izatea ikasteko, eztabaidatzeko, hortik proiektu berriak ere sortzeko... Geroz eta jende gehiago joan da batzen, eta kalitate aldetik ere hobetzen joan dira saioak, ikasten joan gara urteotan. Baina ahal duguna egiten dugu, saioak gure artean prestatzen ditugu... Gauza xumea da, edonor eroso sentitzeko moduko espazioa.

Mailutasun hori kontrajarria dago entretenimendurako kultur kontsumoarekin?

LF: Guretzako garrantzitsua da aisialdian ere garatzea gure kontrolpean egongo diren gaitasun batzuk. Gaztetxeetan, gure espazioetan, guk nahi duguna irakurriz, guk nahi dugun ikuspegi ideologikoarekin landuz. Testuinguru honetan geroz eta gehiago gaude indibidualismora bideratuta, kultura eta aisialdia kontsumitzeko eredu batera. Dena dira salerosi daitezkeen produktu kulturalak, industria handiek ekoiztuak, guztiz eduki despolitizatzaileak dituztenak, eta isolamendura daramatenak. Ikuspegi kritikoa garatzera beharrean kontrakora ia, "ebaditzera", entretenimendu hutsera. Pixka bat horren kontra, gure xumetasunetik, bestelako espazio bat zabaltzeko anbizioa izan dugu. Ideia eta helburu batzuk ditugu, eta gogo handia, baina xumea da gurea, gaztetxe bateko irakurle taldea gara, azken finean.

"Literaturak balio berezia du baldin eta mundua aldatzeko tresna bat bada"

Ez dira garai gozoenak literatura zaletasunarentzat, ez "mailu zaletasunarentzat" ere.

LL: Ez dira, ez, baina dena ez da basamortua, hala sinestarazi nahi diguten arren. Ikusi besterik ez dago azken urteotan nola sortzen ari diren geroz eta ekimen kolektibo gehiago, askotan gaztetxeetatik. Behe banda, Pomada banda edo Gaztetxean Bertsotan, esate baterako. Ez gara inozoak izango eta ez dugu lore gehiegi botako, baina ikusten dugu badagoela ekiteko gogoa.

LF: Ez dira garai onenak, kapitalismoan makinaria kultural handia dagoelako isolatzera garamatzana, edo bizitza frenetikoak bizitzera, garapen pertsonala soilik bilatzera. Guztiz sartuta gaude hor. Eta bestalde, politikoki ere nahiko garai desmobilizatuak direlako. Horrek zail egiten du, baina oso beharrezko ere bai. Nabari da gogoa, halako proiektuak hasi eta interes handia dago. Ikusten da hutsunea badagoela.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago