Salburuko Harrera Sareak lotarako lekua lortu du asilo eskatzaileentzat

Jon Hidalgo 2026ko ekainaren 3a

Gaur iragarri dute behin-behineko konponbidea lortu dutela. Argazkia: Salburuko H.S.

"Erakundeen utzikeria" salatu dute, eta beharra herri mugimenduari esker asetu dela aldarrikatu. Koordinazio falta larria dagoela ohartarazi dute saretik.

Salburuko Harrera Sareak jakinarazi du Malitik etorritako asilo eskatzaileei gaua igarotzeko gune berriak lortu dizkiela. Azken hilabeteetan sareak berak antolatu dizkie lotarako lekuak, eta joan den astean jakinarazi zuten berriz ere kale gorrian gelditzeko arriskuan zirela. "Erakundeek irtenbiderik eskaini ez" dutela eta, Gasteizko kolektibo eta herritarren erantzunari esker lortu dute lotarako leku alternatiboa.

Hala ere, Sareak adierazi du gune horiek ez direla arazoaren konponbidea, eta asilo eskatzaileek jarraitzen dutela bazterketa eta zaurgarritasun egoeran. Salatu dute ez diotela irtenbiderik eman urtebete baino gehiago daraman arazoari, eta herri‑ekimenera jotzera behartuta egoteak erakusten duela "administrazioen ezintasuna". Herritarren erantzuna "berehalakoa" izan dela nabarmendu dute, eta eskertu egin dute jasotako babesa. Ez dute zehaztu non lortu duten lotarako lekua.

Egiturazko konponbide bila

Azaldu dutenez, azken asteetan hainbat erakunderekin bildu dira egoeraren berri emateko, baina ez dute erantzunik jaso. Administrazioen artean "ping‑pong partida amaigabea" bizi izan dutela salatu dute, inork bere gain erantzukizunik hartu gabe.

Sareak kezkagarritzat jo du ez egotea ez diagnosi partekaturik, ez estrategia koordinaturik, eta gogorarazi du Gasteizko Sindikoak ere ohartarazi duela pertsona horiek bizi duten prekarietateari buruz. Halaber, duela hilabete batzuk koordinazio mahai bat sortzea proposatu zutela adierazi dute, baina inork ez dituela deitu.

Bestalde, Burdinbide Auzo Elkartearekin elkarlanean, asteazken goizetan elkartearen egoitza eskainiko dute Euskadin asiloaren arretan dabiltzan erakundeek erabili dezaten, arreta duina eta gertukoa bermatzeko.

Sareak adierazi du lanean jarraituko dutela eta komunitate erantzunak antolatzen segituko dutela, baina erakundeei eskatu diete ardura politikoa bere gain hartzeko, herri elkartasunak ezin duelako administrazioen papera ordezkatu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago