Gasteizen harrera prozesuan dauden Maliko 50 asilo eskatzaile kale gorrian geratuko direla ohartarazi du Salburuko harrera sareak. Salatu dutenez, "erakundeen utzikeriak egoera onartezina" eragin du, eta irtenbide duin eta egonkor bat eskatu diete administrazioei.
Saretik azaldu dutenez, erakundeek ez zieten irtenbiderik eman asilo eskatzaileei, baina harrera sarearen eta bizilagunen ekimenez lortu zuten eguraldi kaxkarreneko hilabeteetan pertsona hauentzako lotarako lekua. Apezpikuarekin eta inguruko bi parrokiarekin akordioak lortu zituzten, eta hitzarmen horiei esker, parrokietako espazioak erabili ahal izan dituzte azken hilabeteetan, hotz gehien egiten zuen egunetan gutxienez aterpe bat bermatzeko.
Hala ere, elkarteek salatu dutenez, maiatzaren 31tik aurrera bi parrokiatan erabilitako espazioak utzi egin beharko dituzte, hasieratik adostu bezala, baina salatu dute instituzioetatik ez dutela oraindik bestelako alternatibarik jaso. Beraz, 50 pertsona inguru kale gorrian gelditzeko arriskua dagoela ohartarazi dute. "Orain arte partxeak jarri ditugu, baina erakundeen aldetik ez dugu erantzun egokirik jaso. Ardura duten erakundeek lortu behar dute konponbidea", adierazi dute Salburuko harrera saretik.
Auzo elkartearen espazioa mantenduko bada ere, ez da nahikoa izango pertsona guztiei harrera emateko. Horregatik, erakundeei presioa egiteko eta egoera ikusgarri egiteko, Salburuko harrera sareak elkarretaratzea deitu du igande honetarako. Harrera prozesu duin baten alde lelopean bilduko dira maiatzaren 31n, 19:30ean, Martxoak 8 kaleko 1. zenbakian, asilo eskatzaileak egon izan diren lekuan bertan.