Arabako ALEAk eta Hala Bedik elkarlanean eskuratu dute URSSAko bizilagun baten testigantza, hilabete asko daramatzana Adurtzako fabrika abandonatuan bizitzen, Gasteizko hegoaldean. Anonimoki azaldu du bizitakoa, jazarpen aukerak saihesteko.
Bideoan azaldu du nolakoa den fabrikako bizitza, eta zein egoeratan bizirauten duten URSSAko ehundik gora bizilagunek. Denbora daramate urik eta argirik gabe, Ertzaintzak hornidura moztu zienetik. Lekukoak ere azaldu du etengabe izaten dutela Poliziaren presentzia fabrika inguruan.
Aski ezagunak dira joan den maiatzaren 13an Errekaleor auzoan jazotako gertakariak. Baina bada oraindik kontatu ez den beste istorio bat. Testigantza honek sakonago ulertzen lagundu dezake nola eman ziren aipatutako gertakariak.
Ertzaintza URSSAn
URSSA fabrikako biztanleentzat, egun batzuk lehenago hasi zen dena; zehazki, maiatzaren 10etik 11rako gauean. Lekukoak azaldu duenez, Polizia fabrikara gerturatu zen goizaldeko 03:00ak aldera, zizailak eta borrak eskuan, eta indarkeria handiz sartu zen jendea lo zegoen guneetara. Polizia dispositibo handian uniformez zein zibilez jantzitako Poliziak bertaratu ziren.
Lekukoak azaldu du Poliziak ohetik atera zituela bizilagun guztiak, fabrikatik irtenarazi zien eta ilara batean kokatu zituen. Koloreka sailkatu zituzten; berdea aurrekari penalik ez zutenentzat, laranja aurrekariren bat zuten pertsonentzat. Behin ilaran jarrita, bideoan grabatu zituzten banan-banan mugikor batekin, linterna baten argitan. Ohartarazi du Ertzaintzak "indarrez" behartu zituela gazteleraz soilik hitz egitera, bizilagunei beren ama hizkuntza erabiltzea debekatuz. Lekukoak adierazi duenez bizilagunetako batzuek oraindik ez dakite gazteleraz hitz egiten, eta ezin izan zuten inorekin hitz egin dispositiboan zehar.
Poliziaren jardunak eragin handia izan zuela nabarmendu du URSSAko bizilagunak, eta aitortu Poliziaren furgonetak ikustean pentsatu zuela berehala deportatuko zutela bere jatorrizko herrialdera. Bere kideek bizitako beldurra ere azpimarratu du.
Hurrengo egunean Polizia berriz itzuli zen fabrikara, oraingo honetan kopuru txikiagoan, eta indarkeria gutxiagoz, lekukoaren arabera. Hala ere, fabrikako bizilagunei presio egiten jarraitu zutela adierazi du, eta Poliziak esan ziela denbora gutxian kanporatuko zituztela bertatik. Lekukoaren esanetan, momentu horretan esan zien Ertzaintzak Errekaleorrera joateko, eta horren ondorioz eman ziren Errekaleorreko gertakariak. Poliziak okupatutako auzoaren helbidea ere eman ziela adierazi dute fabrikako kideek.
Bizitza duina aldarri
Bizi baldintza gordinak azaltzearekin batera, URSSAko bizilagunak bizitza duina eskatu du fabrikako biztanleentzako. Azaldu duenez, gustatuko litzaioke gela batean bizi ahal izatea, argia eta urarekin, Gasteizko hiritar bat gehiago den heinean. "Bakean" bizitzea, hainbatetan aipatu duenez.
"Pertsonak gara, ez animaliak, eta bizitzeko eskubidea daukagu. Hobeto bizitzeko, bizitza aldatzeko eskubidea. Guk ere hemen bakea bilatzen dugu; ez dugu borrokarik bilatzen, ez beste ezer, bakea soilik".
Salaketa elkarretaratzea arratsaldean
Gasteizko dozenaka eragilek indarrak batu dituzte azken asteetako gertakariak salatzeko. Agerraldi masiboa deitu dute gaur, astelehena, maiatzak 25, 19:00etan hiriburuko Foru plazan.
Deialdian Polizia eta boterean dauden eragile politikoak salatu dituzte, argudiatuz "bere egin dutela eskuin muturraren diskurtso faxista". Eragileok haien apustua berretsi dute, jasotako erasoen aurrean herri boterea indartzeko. "Estrategia faxisten aurrean, elkarrekin tinko!”.
Atxikimendu zerrenda:
Adurtzako Aniztasun Taldea
Adurtzako Gazteak
Adurzaha Ehuntzen
Araba Bizirik
Arabako Pentsionistak
Argilan – ESK
Ariznabarrako Jai Batzordea
Askapena
Auzoan Bizi
Auzolana Pilotalekua
Bachué Elkartea
Batuta
BDZ Araba
Derecho a techo – Inor ez etxerik gabe
Emakumeok gerraren aurka
Ernai
Errekaleor Bizirik
Errota Zaharra Auzo Elkartea
ESK
Gasteiz Anitza
Gasteiz Antirrazista
Gasteizko Arrazakeriaren Aurkako Asanblada
Gasteizko Gaztetxea
Gasteizko GKS
Gasteizko IAS
Gasteizko Itaia
Gasteizko Mugimendu Feminista
Gasteizkoak Talde Antimilitarista
Herrizoma
Iraultza 1921
Jardun
Judimendiko Auzo Elkartea
Judimendiko Gazte Asanblada
Kontseilu Sozialista Gasteiz
LAB
Oinharri
Ongi Etorri Errefuxiatuak
Osasun Publikoa Aurrera Gasteiz
Salburuko Harrera Sarea
Sanitarioak Palestinarekin Euskal Herria
Sare Antifaxista
Setem Hego Haizea
SOS Arrazakeria
Steilas
Sumendi Espazioa
Zaharraz Harro
ZAPateneo