Urrian irekiko dute Aranako errefuxiatuen zentroa, plaza gutxiagorekin

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko maiatzaren 12a

Aranako zentroaren obrak ekainean amaituko dituzte. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Hasieran aurreikusita zeuden 350 plazak 120ra jaitsi dituzte, euskal administrazioen aldetik egindako eskaerari erantzuteko.

Aranako Errefuxiatuen Zentroa urrian irekiko dute eta 120 plaza izango ditu. Artatuko dituen lagun gehienak familiak izango dira, baita guraso bakarreko familiak ere. Hala iragarri du Pilar Cancela Migrazioen Estatu Idazkariak, Aranako zentrora goizean egindako bisita ofizialean.

Arana klinika zaharrean harrera zentroa egokitzeko lanak amaitzen ari dira, eta ekainaren 30erako prest egongo dira. "Erakundeen artean adostutako plazak erabiliko dira", ziurtatu du estatuko idazkariak, eta azpimarratu du "hasiera batean 120rekin abiatuko gara". Gaineratu du euskal administrazioen eskaerei egindako "entzumenaren" emaitza dela murrizketa hori. Izan ere, hasiera batean 350 plaza aurreikusita zeuden, eta gaur iragarritako kopuru berria askoz gertuago dago Eusko Jaurlaritzak hasieratik eskatu izan dituen "80 edo 100" plazetatik.

Halaber, Espainiako Gobernuko arduradunak nabarmendu du zentroa duela hiru urte eraikitzen hasi zenean Espainiara iristen ziren errefuxiatuen fluxuak aurreikuspen guztiak gainditzen zituela, eta orain, presioa jaitsi dela. "2023an zentro hau aurreikusi zenetik, %46 jaitsi dira iritsierak".

Estatu idazkariak gogorarazi duenez, Aranan "asiloa eta nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonak egongo dira, jatorrizko herrialdeetatik ihes egiten dutenak, jazarriak daudelako, gerratik ihes egiten dutelako eta euren bizitza arriskuan dagoelako".

Kanpoko erakunde batek kudeatuko du zentroa. Eta erakunde horrek bilerak koordinatuko ditu auzotarrekin, erakundeekin eta gizarte zerbitzuekin. "Etengabeko elkarrizketa izango dugu", ziurtatu du. "Funtsezkoa da integrazio plana behetik gora etortzea, eta autonomia erkidegoak funtsezkoak dira, baita toki erakundeak ere". 

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago