Azken astean hainbat ahots agertu dira Aranako Harrera Zentroaren aurka. Auzoko Zazpigarren Alaba auzo elkarteak berriz ere proposatu du "makrozentroaren" ordez adinekoentzako egoitza gisa erabiltzea eraikina. 10.500 sinadura inguru aurkeztu dituzte haien eskaera babestuz, eta "euskal harrera ereduaren" defentsa egin dute Aranako zentroaren aldean, "auzoak eta euren idiosinkrasia hobeto errespetatzeko".
Adinekoen egoitza falta salatu dute, eta EAJ, PSE eta PPri leporatu diete erresidentzia publiko bat egiteko interes falta, eraikina doan erabiltzeko aukera izan bazuten ere. Gainera plaza publikoak gutxitzen aritzea egotzi diete, plaza pribatuak igotzen ari diren bitartean. Elkarretaratzea deitu dute auzo elkarteko kideek irailaren 25erako. 12:00etan elkartuko dira erresidentziaren aurrean, "erabilera geriatrikoa eta publikoa izan dezan, eta ez dadin makrozentro bilakatu".
"Euskal harrera eredua"
Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak hitz egin du astearte honetan, eta Aranako zentroaren aurka agertu da bera ere, esanez euskal harrera eredua "zentro txikietan" oinarritzen dela, "arreta pertsonalizatua" eman ahal izateko. Maider Etxebarria alkateak joan den astean eskatu bezala, Espainiako Gobernuak asmoa aldatu eta 350 plazatik 200 plazara jaitsi du Aranako proiektuaren edukiera, baina Melgosak adierazi du hori "Euskadiko estandarretatik" oso urrun dagoela.
Jone Berriozabal Araba Buru Batzarreko lehendakariak ere kezka agertu zuen larunbatean, eta adierazi zuen Aranako "makrozentroa ez dela jasangarria, ez egokia". Espainiako Gobernuari proiektua geldiarazteko eskatu zion. "Ez 350, ezta 200 ere", Berriozabalek ohartarazi zuen harrera zentroak eragin garrantzitsua izango duela Gasteizko zerbitzu publikoetan, eta zentro txikiagoen ereduaren alde egin zuen, Espainiako Gobernuak Gasteizko gehiengo sozialaren aurka inposatu nahi duen" harrera ereduaren aurrean.