Gasteizko Alde Zaharreko Korda espazioa defendatu zuten auzokideek 7.000 eurotik gorako isunak jaso dituzte azken asteetan, 2025eko ekainean Gasteizko Alde Zaharrean Ertzaintzak egindako desalojoaren harira. Herrizoma, Zaharraz Harro eta Auzoan Bizi kolektiboek salatu dutenez, martxoaren 17an iritsi ziren lehen jakinarazpenak.
Guztira 7.000 euro baino gehiagoko zigorrak ezarri dizkiete hamar kideri, eta desalojo egunean bertan identifikatutako erizain bati. Isunak Mozal Legean oinarrituta daude, eta kolektiboen esanetan lege horrek auzoko antolakuntza eta borroka soziala desaktibatzea du helburu, poliziaren inpunitatea handitzeaz gain.
2025eko ekainaren 4an hamabi orduko polizia operazioa egin zuen Ertzaintzak, 21 Zabalgunea udal elkartearen jabetzako Korda espazioa husteko. Kolektiboek salatu dutenez, auzoa militarizatu zuten, barruan zeuden 11 lagunak identifikatu zituzten eta horietako bat zauritu eta atxilotu zuten. Atxilotutako pertsonaren kontrako prozesu penala artxibatu egin du epaileak, delitu zantzurik ez dagoela iritzita, baina hala ere administrazio zigorrak mantendu dituzte gainerako kideen aurka. Kolektiboek adierazi dute ez dituztela isunak onartuko eta helegiteak aurkeztuko dituztela. "Kordaren defentsan egindakoa berriro egingo genuke", eta ohartarazi dute errepresio ekonomikoaren aurrean tinko jarraituko dutela.
Elkartasuna eta jaia
Egoera salatzeko, eta auzokideen babesa bildu nahian, maiatzaren 9an elkartasun argazkia antolatu dute Bittori Plazan, Auzolana pilotalekuaren alboko plazan, 12:30ean. Ekimen hori ez da isolatua izango, izan ere, egun osoan zehar ospatuko da Tira jaialdiaren V. edizioa, elikadura eta etxebizitza egitura herrikoien alde antolatutako eguna. Auzoan Bizi eta Herrizomaren jaialdiak jarduera ugari bilduko ditu Gasteizko hainbat gunetan.
Goizean Testa: el silencio de los buitres dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia egingo dira Gasteiz Txikin; ondoren, Bittori Plazan elkartasun argazkia eta marianitada musikatua izango dira; eguerdian herri bazkaria, eta 18:00etan auzolandaketa eta bingo begetala abiatuko dira plaza beretik. Egunari amaiera emateko, Gaztetxean kontzertuak izango dira, Merak eta Chuleria joder! taldeekin, eta gauerdian DJ Pezon arituko da muinoko etxean.
Antolatzaileek nabarmendu dute jaialdia ez dela soilik festa bat, topagune bat ere badela, auzo antolakuntza, elkarlaguntza eta espazio autogestionatuen defentsa politikoa uztartzen dituena.