Bob Pop

"Desgaitasuna duen gorputza ez da plazerarekin lotzen"

Anakoz Amenabar 2026ko maiatzaren 8a

Bob Pop idazle eta gidoilaria. Argazkia: B. POP

Bob Pop idazle eta pentsalari zirikatzailea Gasteizen izango da hurrengo egunetan 'Hablar no sirve. De nada' antzezlanarekin. Umoretik, desgaitasunaren tabuak eta gizartearen erosotasuna astinduko ditu oholtza gainean, gorputzaren mugez eta desioaz gordin hitz egiteko.

Gidoilaria, idazlea eta, batez ere, pentsalari zirikatzailea da Bob Pop (Madril, 1971), eta hala agertuko da Gasteizko oholtza gainean ere, inoiz baino zorrotzago, Hablar no sirve. De nada antzerki obrarekin. Erabat aldatu du sormen prozesua azken urteotan, bere bizitza markatu duen esklerosi anizkoitzak baldintzatutako errealitatera egokituta, erosotasunetik ihesi, gorputzaren mugez arituko da, betiere umorea eskutik. Eszenatokian bakarrik egoteari uko egin eta, bere dependentzia fisikotik abiatuta, ikuslea bera mugiarazteko helburuarekin dator. Ibaiondoko Felix Petite antzokian izango da ostiral eta larunbatean, maiatzaren 8 eta 9an, 19:30ean.

Duela hiru urte Gasteizko Principal antzokian izan zinen 'Los días ajenos de Bob Pop' bakarrizketarekin, eta berriz zatoz taula gainera, baina uste dut zirikatzaileago zatozela oraingoan... 

Bai, egia esan, obra honek ez du konplaziente izan nahi. Gainera, oraingoan ez da bakarrizketa bat. Berez, bakarrizketa izateko asmoarekin hasi nintzen idazten, baina konturatu nintzen neure errealitatea ukatzen ari nintzela, nire buruari gezurra esaten ari nintzaiola. Pertsona dependentea naizen aldetik, nik jada ez dut gauzarik egiten bakarrik, agertokira ere ez naiz bakarrik igotzen. Beraz, alter ego batekin, nire laguntzaile pertsonala ere badena, sortutako elkarrizketa bihurtu da. Besteak beste, bizitzari, denborari, maitasunari, krudeltasunari, dependentziari, botereari eta diruari buruzko hausnarketa da; azken finean, gaur egun hausnartu beharreko guztiaren inguruko saioa.

Zein unetan konturatu zinen beste ahots eta gorputz horren beharra zenuela zure istorioa kontatzeko?

Hain zuzen, ahots hori beti hor dagoela konturatu nintzen unean. Azken finean, hitz egiten dut, asko hitz egiten dut, obraren izenburuak besterik esaten duen arren (Hitz egiteak ez du ezertarako balio), baina funtsean ozen idazten ikasten ari naiz. Sparring hori behar nuen neure burua ulertzeko eta, baita ere, nire lekuan jartzeko; hori garrantzitsua da, umorearen mekanismoaren parte baita, eta, esango nuke, baita zintzotasunaren mekanismoaren parte ere: norbere burua ez ezik, besteak ere entzutea. Nire alboan Daniel Bayona izango da oholtzan. Maricón Perdido telesaileko atal batean parte hartu zuen nirekin, han ezagutu nuen, eta aktore bezala asko gustatu zitzaidan. Proiektu hau planteatu nuen lehen momentutik berarengan pentsatu nuen.

"Jada ez ditut gauzak bakarrik egiten, eta agertokira ere ez naiz bakarrik igotzen"

Ez dakit desgaitasunak sortzen duen kondeszendentziarekin nekatuta zauden.

Bai, gogaituta, baina hori plazaratzeaz gainera, beste ikuspuntu bat eskaintzea da nire helburua obra honetan. Nire ahotsetik eta nire lekutik hitz egin nahi dut, eta argi utzi desgaitasun batekin agertokira igotzea ez dela ezer, ez duela horrek ezer esan nahi, bestelakorik eskaintzen ez baduzu: hausnarketa, irria, emozioa... Asko gustatzen zait apurtzea desgaitasunak ematen dizun "argizko izaki edo aingeru" horren irudiarekin. Ez gara aingeruak, ez gara perfektuak, ertz asko ditugu, eta oso ondo dago horrekin jolastea, baita probokazioarekin eta deserosotasuna sortzearekin ere.

Probokatzea gustatzen zaizu, ezta?

Gustatzen zait. Baina hausnarketa eragiteko helburuarekin probokatzea gustatzen zait. Hau da, ez probokatzea probokatzeagatik, baizik eta eroso gauden eremutik mugiaraztea, eta hortik abiatuta zerbait aldaraztea. Asko harritzen nau, egia esan, dena txarrera hartzen duen jende horrek. Niretzat ofentsa oso aberasgarria da, hurrengo urratsa delako jakitea zerk ofenditzen nauen eta zergatik pentsatzen dudan egiten dudan moduan, zer atal dauden paralizatuta eta herdoilduta nire barruan ofendituta sentitzeko. Gauza bera gertatzen zait deserosotasunarekin. Gustatzen zait ni deseroso sentiaraztea, behartzen nauelako horri buruz hausnarketa egitera; parean dudana ez da ofenditu nauen pertsona bat, nire balio eskala osoa birplanteatzera behartzen nauen pertsona baizik.

Bob Pop eta Daniel Bayona ditu protagonista 'Hablar no sirve. De nada' obrak. Argazkia: B. POP

Denetaz eta denekin hitz egin behar da, ala ez du ezertarako balio?

Denetaz eta denekin hitz egin behar da, nahiz eta ezertarako balio ez duen. Baina hitz egin baino gehiago, entzun egin behar da. Eta isiltasunak kudeatzen ikastea ere oso ondo dago, nahiz eta denbora asko behar den hori ikasteko.

Hitz egiteak balio ez badu, zergatik tematzen gara?

Hitz eginez eta istorioak kontatuz lortu dezakegulako norbaitek ekitea.

"Beldurraren aurkako antidotorik onena etorkizunean ez pentsatzea da"

Badago istorioren bat kanpoan utzi duzuna agian min ematen dizulako?

Egia esan, ez minagatik. Istorio batzuk hain dira sinesgaitzak, ez dutela material literario gisa funtzionatzen. Baina, oro har, dena kontatzera ausartu egiten naiz; funtzionatzen duen eta dibertitzen nauen denarekin ausartzen naiz. Eta besteak dibertitzen dituenarekin. Entretenitzearen aurka nago, nik dibertitu egin nahi dut.

Obra honetan hainbat gai ukitzen dituzu, sexua tartean. Desgaitasuna duen gorputzak tabu izaten jarraitzen du zuk "bi hankako publikoa" deitzen duzun horrentzat?

Bai, tabu handia da. Tabua edo fetitxea, bietako bat. Batez ere, desgaitasuna duen gorputz bati buruz hitz egiten dugunean onartzen dugulako gorputz horrek ez duela desiorik sortzen. Beraz, lan eremu gisa ikusten da, zaindu beharreko gorputza, eta ez plazererako gorputz gisa. Sexuak ez du zerikusirik arreta eta zaintzarekin, desioarekin baizik. Eta ezin da desiorik egon, hori sortzeko topagunerik ez badago. Kapitalismoak, bere kapazitismoarekin, espazio komunak okupatzea galarazten digu, eta ondoren asistentzia sexuala saltzen digu irtenbide bakar gisa. Eta noski dela irtenbide bakarra, topaketarako eta desiorako espazio horiek ezinezko bihurtu dituztelako!

Denboraren igarotzeaz ere hitz egiten duzu. Gaixotasunak denboraren pertzepzioa aldatu dizu urteotan?

Asko, erabat. Hain zuzen, badago desgaitasunaren denbora (ingelesez crip time moduan ezaguna dena) kontzeptu bat, denbora ulertzeko beste modu bati erreferentzia egiten diona. Alegia, nire buruan denborak beste modu batera funtzionatzen du. Dena beste modu batean mugitzen da niretzat, beste abiadura batean. Adibide bat jartzearren, etxetik ateratzeko, jaikitzen naizenetik, hiru ordu behar ditut. Azkenean, halere, konturatzen zara ez zegoela hainbesteko presarik ere.

"Asko gustatzen zait desgaitasunak ematen dizun 'aingeru' irudiarekin apurtzea"

'De cuerpo presente' (La Uña Rota) poesia liburua idatzi zenuen duela 28 urte, esklerosia diagnostikatu zizutenean, eta poesia berriekin osatu duzu liburua orain.

Behar bat izan zen. Diagnostikoaren ondoren nire buruan eztanda egin zuen nahasmen emozional eta mental horri guztiari azalpena emateko hitza eta poesia erabiltzeko beharra. Hizkuntzarekin oso zehatza izateko beharra nuen, bisturi bat bezala erabili nahi nuen hizkuntza barruan nuen guztia ireki eta ateratzeko, Invasion of the Body Snatchers pelikulan ikusten diren landare zorro horien antzera, ireki eta barruan zer den arakatu. Hau da, ez bakarrik sintoma fisikoetan, horrek nigan zuen eraginean, eta horretarako irtenbidea izan zitekeen hizkuntza poetiko garbi batera jotzea. Hainbat urte geroago, poema hauek planteatzen duten erantzunak erakusten du hizkuntza nola joan den mamitzen, zentzurik zabalenean; hasierako liburu hura erabat autokontenplatiboa zen, eta egungo liburua guztiz kolektiboa da, zerikusi handiagoa du interdependentziarekin eta besteen aurkikuntza pozgarriarekin, dependentziarekin baino.

Bizitzako bigarren etapa hau "une gozoen ekaitza" dela esan duzu poemetan. Jauzi handia eman duzu, ezta?

Bai, handia. Eta sentsazioa da agonia oso luze baten moduan ikusten dudala bizitza, baina agonia hori zenbat eta luzeagoa eta gauza onez beteagoa izan, orduan eta hobeto. Agonia, ez sufrimenduzko bide bat bezala, dena zukutzeko aukera bezala baizik.

Beldur batzuk galtzeko idazten hasi zinela esan duzu inoiz. Nola doa borroka hori?

Ongi doa, bai. Uste dut beldur guztiak uxatu ditudala. Baita barregarri geratzeko beldurra ere. Uste dut beldurraren aurkako antidotorik onena etorkizunean ez pentsatzea dela. Espektatibek eta ziurgabetasunek sortzen digute beldurra. Eguneroko bizitzak ez du beldurrerako tarterik uzten, jardun egin behar delako, eta beldurra oztopo bat da horretarako.

Umoreak zer leku du zuretzat? Bizirauteko tresna bat da?

Umorea pentsamendurako tresna bat da, batez ere. Pentsamendu laterala erabiltzeko aukera da, ezustekoarekin jolasteko aukera. Pertsona queer eta ezindu gisa, askotan espero ez nauten lekuetan agertzen naiz. Umoreak ezusteko hori norberarengandik sortzea eragiten du. Eta hori defentsa tresna bikaina da, dudarik gabe.

Politikan ere agertu zara azkenaldian, beste jarduera batzuen artean. Alkategai moduan aurkeztu zara Barcelona En Comú taldeko barne hauteskundeetara. Nolakoa izan da esperientzia?

Oso aberasgarria. Batez ere, politika instituzionala demokratikoa izan behar zela ulertzeko modu bat izan da, nahi duen edonor aurkeztu daitekeela. Beste gauza bat da alderdien aparatuen funtzionamendua zein den ere ulertu behar duzula. Baina asko ikasi dut oinarrizko militantziako jendearengandik, horiek baitira udal lanerako funtsezkoa. Esperientzia interesgarria izan da, dibertigarria, eta militatzen jarraitzen dut, bileretan eta bestelakoetan.

Zer falta zaio politikari? Arriskuak hartzea falta al zaio gaur egungo politikari?

Irudimena falta da, bai. Eta esango nuke beldurra soberan dagoela.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago