Gaur epaitzen hasi dira Arabako Probintzia Auzitegian 2023an Arabako hiriburuko hotel batean hil zuten 32 urteko emakumearen orduko bikotekidea. Hiru delitu egotzi dizkiote J.R.ri fiskaltzak eta akusazio partikularrak: azpikeriaz eginiko hilketa delitua, abortu delitu bikoitza —haurdunaldia eteteagatik— eta adingabearen abandonu delitua. Horrez gain, genero indarkeria eta senidetasun lotura larrigarri gisa aplikatzeko eskatu dute.
Denera, 45 urteko espetxe zigorra galdegin dute, Espainiako Zigor Kodeak baimentzen duen zigorrik handiena. Akusatuaren defentsak, berriz, absoluzioa eskatu du.
Emakumearen familiak EITBri adierazi dionez uste dute justizia egingo dela, eta gertatutakoa argitzea lortuko dela, baita familia osoarentzako erreparazioa ere. "Hilketa delitua da, azpikeriaz eta ankerkeriaz egindakoa, bi abortu delituez gain, biktimak bikiak espero zituelako", esan du Virginia Urtaran familiaren abokatuak ETBri egin dizkion adierazpenetan. Familiaren abokatuaren ustez, "bi urteko neskato bat abandonatu zuen aitak hainbat orduz, bere bizitzarako arrisku bat sortuz".
Gaurko lehen saioan epaimahaikideak aukeratu dituzte, bost emakumezko eta lau gizon, eta biktimaren aitak eta haren bikotekideak hartu dute hitza. Guztira, 67 lekukok deklaratuko dute Arabako auzitegian.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.