Astelehenean, maiatzaren 4an, herri epaimahai batek epaituko du Arabako Probintzia Auzitegian 2023ko maiatzean Gasteizko hotel batean hil zuten emakumearen auzia. Fiskaltzak eta herri akusazioek 45 urteko espetxe zigorra eskatu dute akusatuarentzat: 25 urte azpikeriaz eta ankerkeriaz egindako hilketagatik, 16 urte bi abortu deliturengatik —emakumeak bikiak espero zituen— eta beste lau urte adingabe baten abandonuagatik.
Gertaerak 2023ko maiatzaren 27an izan ziren Gasteiz Etorbideko hotel batean. Akusatua, orduan 33 urte zituena, biharamunean atxilotu zuen Guardia Zibilak Zaragozan, taxi batean Valentziara ihes egiten saiatzen ari zela. Krimenak oihartzun handia izan zuen, ez bakarrik hilketaren basakeriagatik, baita segurtasun indarren arteko koordinazio faltagatik ere. Izan ere, gizonak Castellon eta Torremolinosen jarritako salaketak zituen, eta Malagako epaitegi batek ezarritako urruntze agindua indarrean zegoen erasoa gertatu zenean.
Eztabaida handia sortu zen Ertzaintzak emakumeari emandako babesaren inguruan ere. Biktima "muturreko arriskuko" kasu gisa agertzen zen Espainiako VioGen sisteman, baina Ertzaintzak "arrisku baxura" jaitsi zuen kalifikazio hori.
Epaiketa maiatzaren 15era arte luzatuko dela aurreikusten dute. Lehen saioan, herri epaimahaiko kideak aukeratuko dituzte, eta lehen adierazpenak entzungo dira. Datozen egunetan 40 lekuko eta peritu baino gehiago igaroko dira aretotik.