Salburuko Harrera Sareak neurri urgenteak eskatu ditu Maliko asilo eskatzaileentzat

Jon Hidalgo 2026ko apirilaren 22a

Agerraldia egin dute gaur sareko kide batzuek. Argazkia: Salburuko Harrera Sarea

Hilabeteak daramatzate asilo eskatzaileak laguntzen, eta erakundeen arduragabekeria salatu dute, nazioarteko babes sistemara sarbidea oztopatzeagatik. Auziari buruzko mahai instituzionalean parte hartzea aldarrikatu du, egoerari "egiturazko irtenbidea" emateko.

Salburuko Harrera Sareak ohartarazi du azken hilabeteetan areagotu egin dela asilo eskatzaileek bizi duten larrialdi humanitarioa. Dozenaka pertsonak, gehienak Malitik iritsitakoak, asteak edo hilabeteak daramatzate kalean, Betoñuko Polizia Nazionalaren komisariaren aurrean, asilo eskubidea eskatzeko hitzordua lortzeko zain. Sarearen arabera, nazioarteko babes sistemara sartzeko dagoen blokeo administratiboak jasanezina bihurtu du egoera.

Asier Etxenike bozeramaileak azaldu duenez, "pertsona hauek ez daude kalean nahi dutelako, baizik eta asilo-eskubidea lortzeko dagoen blokeoaren ondorioz". Salatu dutenez, hitzordua lortzeko ezintasunen ondorioz migratzaileak komisariaren inguruan geratzera behartuta daude, harrera sistematik kanpo eta oinarrizko baliabiderik gabe. "Ez da egoera puntual bat; oinarrizko eskubideen urraketa estrukturala da, eta larrialdi humanitario bilakatzen ari da", gaineratu du Etxenikek.

Herritarren erantzuna

Erakundeen geldotasunaren aurrean, beste erakunde batzuek egin duten bezala, Salburuko Harrera Sareak hiru hilabete baino gehiago daramatza erantzun komunitarioa antolatzen. Gaur egun, sareak 50 pertsona ingururi ematen die harrera hiriko hiru espaziotan, auzo elkartean eta bi elizatan. Elikadura, higienea, arropa eta oinarrizko laguntzak bermatzen dizkiete bertan. Egunero hogei boluntariok parte hartzen dute antolaketan, goizeko eta gaueko txandetan lo egiteko tokia emanez, eta eguerdian dutxetara lagunduz. Gainera, osasun arreta eta botikak eskuratzea errazten diete, eta bere gain hartzen dituzte beste hiri batzuetara joateko gastuak ere.

Cristina Riega bozeramaileak nabarmendu du lan hori administrazio publikoen ardura izan beharko litzatekeela: "Praktikan, erakundeek bere gain hartzen ez dituzten harrera lanak egiten ari gara gu". Sarearen arabera, egoerak okerrera egingo du datozen hilabeteetan, negurako eskaini zitzaizkien lo lekuak amaitzear baitaude, eta horrek are gehiago murriztuko du dagoeneko mugatua den harrera gaitasuna.

Testuinguru horretan, Salburuko Harrera Sareak eskatu du Maliko pertsonen egoera lantzen duen mahai instituzionalean parte hartzea. Helburua da eguneroko harreran oinarritutako diagnostiko zehatza aurkeztea eta erantzun estruktural bat adostea, konpromiso, epe eta baliabide zehatzekin. Sareak adierazi du harro dagoela azken hilabeteetan auzokide eta boluntarioek egindako lan komunitarioaz, baina argi utzi du "irtenbidea ezin dela boluntariotzaren gainean eraiki; eskubideak bermatzea erakundeen ardura da, eta ez dira hori betetzen ari".

Laguntzarako deia

Azkenik, Salburuko Harrera Sareak dei egin die auzokideei eta parte hartu nahi duten pertsona eta kolektiboei elkarlanean aritzeko. Maiatzaren 4an asanblada irekia egingo dutela iragarri dute, eta bertaratzera animatu dute.

Parte hartu edo lagundu nahi dutenek honako helbidera idatz dezakete: salburuko.harrera.sarea@proton.me. Dohaintzak egiteko kontu korrontea ere jarri dute eskura: ES92 3035 0320 69 3201036515.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago