Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu du azken asteetan erdira murriztu direla asiloa eskatzeko aukerak, lehen hitzorduak esleitzeko sistema berrian egindako aldaketen ondorioz. Praktikan, ohartarazi dutenez, hitzorduak eskuratzea "ezinezkoa" bihurtu da. Sindikatuak gogorarazi du zazpi hilabete igaro direla lehen aldiz salatu zutenetik Salburuan kale gorrian bizi diren asilo eskatzaileen egoera. Gehienak Malitik etorritako pertsonak dira, gerra eta pobreziatik ihes egindakoak.
Azaldu dutenez, hilabete hauetan egoera ez da hobetu, eta asilo-izapideetarako hitzorduak esleitzeko modua etengabe aldatu da, irizpide "opako eta arbitrarioekin". Azken aldaketarekin astean eskaintzen ziren 60 hitzorduak 30era jaitsi dira, eta aurrez aurreko sistema telematiko batekin ordezkatu dute. Hitzorduak eskuratzeko webgunea astean behin irekitzen da, baina sindikatuaren arabera, "erabat gainezka" dago, eta azken bi asteetan inork ez du hitzordurik lortu. Ondorioz, astean 60 hitzordu izatetik bat ere ez izatera igaro da egoera.
Sindikatuak galdera zabaldu du, "nola da posible izapide burokratiko batzuek segundo batzuk behar izatea eta, aldiz, dozenaka pertsona hilabetez kalean egotea, euren oinarrizko eskubideak bermatuko lituzkeen prozesua hasi ere egin ezinik?". Egoera hau ez dela kasualitatea adierazi dute, baizik eta "mendebaldeko oligarkiek ezarritako ustiapen kapitalistaren eta dominazio inperialistaren ondorio zuzena".
Instituzioen "utzikeriaren" aurrean, azken hilabeteetan elkartasun sareak antolatu dituzte oinarrizko beharrak asetzeko: janaria, arropa, higienea, botikak eta lo egiteko tokia, besteak beste. Orain, elkartasun asanblada antolatu dutela iragarri dute, astearte eta ostiralero biltzen dira asilo-eskatzaileei hitzorduak lortzen laguntzeko, eta ostegunero hizkuntza eskolak ere eskaintzen dituzte. Asanblada ostiralero 18:00etan biltzen da, Venezuela kaleko 10. zenbakiko bulegoan, eta hurbiltzeko deia egin diete lagundu nahi duten pertsona guztiei.
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak nabarmendu du elkartasunak "asistentzialismo hutsa gainditu" behar duela, eta balio behar duela aurre egiteko migratzaileak "deshumanizatu eta kriminalizatu" nahi dituzten diskurtsoei. Gasteizen "elkartasun eta duintasunaren adibide bat" eraikitzen ari direla adierazi dute, eta aldi berean, egoera honen arduradunak seinalatzen jarraituko dutela.