Alokairuak mugatzeko indizea atzerapenez argitaratu izana salatu du LABek

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko apirilaren 22a

Alokairuen indizea argitaratu zuen atzo Arabako aldundiak. Argazkia: ALEA

Asteartean argitaratu da indizea, bi urteko atzerapenez. EAJren eta PSEren politikek etxebizitzaren negozioa elikatzen dutela salatu du sindikatuak.

Arabako eta Bizkaiko foru aldundiek alokairuzko etxebizitza batzuen prezioaren indizea bi urteko atzerapenez argitaratzeak prezioen igoerak sendotzen lagundu duela salatu du LAB sindikatuak, eta gogoratu du azken bi urteotan %10 baino gehiago igo direla alokairuen prezioak. Gainera, igoerei muga jartzen zaien arren, prezioek gora egiten jarrai dezaketela uste du.

Ildo horretan, LABek salatu du EAJren eta PSEren politikek etxebizitzaren negozioa elikatzen dutela. "Eusko Jaurlaritzak  hartutako neurriek etxebizitzaren negozioa diru publikoarekin elikatzen jarraitzen dute", esan du sindikatuak.

Jabeak maizterren gainetik

Gaztelagun laguntzak alokairuaren merkatuko preziora egokitzea arbuiatu du LABek, esaterako. "Prezioak etengabe igotzen ari diren testuinguru batean eta, igoerak mugatzeaz harago, prezioak jaisteko neurri eraginkorrik ez dagoenean, gero eta diru publiko gehiago jabeen poltsara bideratzea dakar".

Gauza bera gertatzen da, LABen irudikoz, Bizigune programan jabeek jasotzen duten kanona handitzeko erabakiari buruz, eremu tentsionatuetan merkatuko preziora egokituz. "Neurri hauen helburua ez da segurtasuna ematea programan etxebizitza jartzen duten jabeei, baizik eta zirkulu bikoitz bat sortzea, merkatu pribatuko ia irabazi berak —prezio oso altuekin— diru publikoaren bidez bermatzeko".

Sindikatuaren arabera, modu horretan jabeak lehenesten ditu Eusko Jaurlaritzak, maizterren gainetik, azken horiek daudenean egoera ahulenean. "Merkatuan modu apalean eta norabide honetan esku hartzeak kontrako ondorioak ditu; aberastasuna birbanatu beharrean, desberdintasunak sendotzen ditu".

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago