Indarrean da Gasteizko alokairuzko etxebizitza batzuen prezioak mugatzeko indizea

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko apirilaren 21a

Gaurtik aurrera indarrean dago indize berria. Argazkia: ALEA

Gaur argitaratu dira Arabako erreferentzia indizeak. Gasteiz da tentsio handiko eremu izendatu duten Arabako udalerri bakarra eta horretan du eragina.

Espainiako Aldizkari Ofizialak (BOE) gaur argitaratu ditu Arabako erreferentzia indizeak, Gasteizko Udalak alokairuen prezioei mugak jartzeko beharrezkoak dituen datuak, alegia. Izan ere, herrialdean tentsio handiko eremu izendatu duten udalerri bakarra da hiriburua, eta iragan urriaren amaieran eremu tentsionatua izendatzea erabaki zen.

Indize berri hori aplikatuta, gaurtik aurrera prezio tarte bat aplikatuko zaie jabe handiei (bost higiezin edo gehiago dituztenei), lehen aldiz alokairuan jartzen diren etxebizitzei eta azken bost urteetan alokatu ez direnei.  Gasteizen 129 jabe handik 884 etxebizitza kudeatzen dituzte. 

Gaurtik aurrera, beraz, Arabako datuak jasota daude Espainiako etxebizitzaren alokairuaren erreferentzia prezioen sisteman (Serpavi). Alokairuaren prezioen tarteak jakiteko, katastroaren erreferentzia edo etxebizitzaren helbide osoa jarri behar da. Gehienezko eta gutxieneko errentak ezartzeko, sistemak kontuan hartzen ditu honako hauek ere: energia ziurtagiria, eta etxebizitza zein solairutan eta nola dagoen ere.

Indizeak kontratuen %10i baino ez die eragiten. Gasteizko datuen arabera, alokairuak hilean 624 eta 813 euro bitartekoak dira, eta preziorik ohikoena 721 eurokoa da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago