Arte eszenikoek aterpe berria dute Gasteizen: Inopia. Pez Limbo antzerki konpainiaren gidaritzapean, sormen eszenikoari bideratutako egoitza abiatzear da. "Pez Limboren lanerako egoitza nagusia izango da, baina baita beste konpainia batzuen egonaldiak hartzeko ere", azaldu du Edu Hernando zuzendariak hedabideen aurrean egindako aurkezpenean.
Espazioaren ardatz nagusia egoitza artistikoak izango dira, bereziki sormen prozesuaren azken txanpan dauden konpainiei zuzenduak. Horretarako, Inopiak beharrezko baliabide teknikoak —argiztapena eta soinu-ekipoak, besteak beste— eskainiko ditu, artistek euren lanak estreinatu aurretik baldintza profesionaletan entseatu eta amaitu ditzaten. Hala, gune honek laborategi funtzioa beteko du, piezak taularatzeko prest uzteko laguntza teknikoa emanez, baina emanaldiak bertan eskaintzeko aukera ere zabalik da, azaldu dutenez, agian antzerki jardunaldi txikiren baten bitartez.
Sorkuntza profesionalaz gain, bitartekaritza eta gizarte konpromisoa dira proiektuaren zutabeak, nabarmendu dutenez. PixKat, 150gr edo AntzokOh! bezalako programen bidez, arte eszenikoak gazteengana, ikastetxeetara eta landa eremuetara hurbiltzeko lanean ari dira. Inopia aretoa ere, auzoko elkarteekin elkarlanean, gazteentzako hazitegi artistiko bihurtu nahi dute, "sormena komunitatearen garapenerako tresna gisa erabiliz". Izan ere, proiektu honek lurraldeko eragile kulturalen "aliatu estrategiko" izatea du helburu, sormen prozesuak bultzatzeko eta sorkuntza eszenikorako espazio berri bat eskaintzeko.
Astelehenean, hilaren 20an, Errotako auzokideei irekiko diete aretoa, eta hilaren 22an inaugurazio ofiziala egingo dute agintariekin eta sektoreko lankideekin. Pez Limboren hasierako Tripaki salda pieza eta beste sorpresa batzuk ez dira faltako aurkezpenean.
