"Beti ilargian nengoela esaten zidaten umetan, inopian, eta orain bai, amestutako hori errealitate bilakatu da". Antzerkia egin eta ikusteko espazio propio bat izatea zuen buruan Edu Hernando aktore gasteiztarrak aspaldi, eta dagoeneko azkeneko lanak baino ez dira falta egia bihurtzeko. Aste batzuk barru irekiko ditu ateak Errota auzoan Inopia Kebek aretoak, kultur eszenikoa bultzatzeko espazio kreatibo berriak.
Gasteizen sorkuntzarako espazioen beharra dagoela azaldu du Hernandok, are gehiago Principal antzokia zaharberritze lanengatik erabili ezin denetik. "Udaleko antzoki sarea erabiltzen dugu, baina muga asko daude egonaldi artistiko bat egin nahi duten antzerki taldeentzat, besteak beste, emanaldiak daudelako bertan eta kolapsatu egiten direlako". Inopia aretoak behar hori pixka bat ase nahi du, eta beste areto pribatu batzuen osagarri izateko helburua du. Esate baterako, Aldabe plazatxoan dagoen Baratza aretoan prestatzen hasten diren lan eszenikoen gehigarri izan daiteke, Hernandoren arabera. "Beharbada Baratza edo Azala moduko espazioek lehendabiziko egonaldietarako baldintzak betetzen dituzte, eta honetan piezen amaiera muntaketa izan daiteke, egonaldi zehatzagoa, argiztapen eta baldintza teknikoekin".

Duela bost urte erosi zuen Hernandok Tenerias kaleko lokala, eta, 2023ko Next Generation laguntzei esker, berogailua eta isolatze lanak egin ahal izan zituen, beste lan batzuen artean. "Hortik aurrera, fokuak jarri, aldagela jartzea posible zen ikusi, eta bestelakoak egiteko aukera bururatu zitzaidan... Poliki-poliki, elementu berriak gehitzen. Azkenerako, saltsa ederrean sartu naiz!".
Hasiera batean egonaldi artistikoei begira prestatutako aretoa bada ere, publikoari zabaltzeko aukera ere izango da tarteka, egonaldi horien emaitza aurkeztu edota ziklo bereziren bat antolatzen dutenean. Horretarako, espazio zabala du Inopiak; 210 metro koadro erabilgarri barruan, eta beste 100 bat lorategian. Atari handi bat, besteak beste, bulegoa eta biltegia izango dituena, eta areto nagusia, kutxa beltza eta eserlekuekin. "Beharren arabera mugituko dira eserlekuak, aretoa lanerako garbi utzi edo publikoa sartu behar bada". Euskadiko Orkestra Sinfonikoak garai batean oholtza modura erabiltzen zuen kutxekin egin dute harmaila txikia.
"Inopia aretoan egonaldi artistiko teknikoagoak hartzea da asmoa"
Aurrerago, lorategia ere egokitzea da asmoa, antzerki piezak aurkeztu edo bestelako saioak egin ahal izateko mertxikondoen itzaletan. "Hurrengo hiru urteetan aretoa egonaldietara nola egokitzen den ikusiko dugu, ekonomikoki ere bideragarria ote den, eta horren arabera egingo ditugu beharrezko aldaketak, egin behar badira". Errotak duen kultur eskaintzan Inopia beste aukera bat izatea gustatuko litzaioke Hernandori, auzokideak elkartzeko txokoa ere izan daitekeena.
Lanetan atzerapenen bat izan da, baina elektrizitate konturen bat edo beste amaitu, eta laster izango da prest sorkuntzarako espazio berria. Hernando partaide den Pez Limbo konpainia ere bertan arituko da, eta dagoeneko egin dute entseguren bat edo beste.
Antzerki sorta
Izan ere, aretoa prestatu bitartean, aurrera jarraitzen dute Pez Limboren antzerki lanek. Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiko Off Lokal atalean, esate baterako, Algo muy tocho pieza laburra aurkeztu behar dute, Andres Bezares aktorearekin eta Espe Lopezek zuzenduta. Esperientzia propiotik abiatuta, aspaldian agertokira igo ez den aktorea izango da Hernando honetan. "Gauza bat eta beste, zortzi urte daramat taulara igo gabe, Homo amabilis izan zen azkena, eta, egia esan, urduritasuna ere sumatzen dut. Ea nola moldatzen garen. Ez ote naiz herdoilduta egongo?". Irailaren 26, 27 eta 28an ikusi ahal izango da obra, beste hiru piezarekin batera, 19:00etan, Hegoalde gizarte etxeko Jesus Ibañez de Matauko antzokian.

Honekin batera, antzerkia institutuetara gerturatzeko Pixkat pieza laburrak ere esku artean ditu Pez Limbok, Gasteizko Udalaren Hiri Hezitzailea egitasmoaren barruan. "Ikusi berri duten antzerkiaz berriketaldia izaten dugu, eta bada modu bat beharbada astunagoa izan daitekeen literaturara gerturatzeko ikasleak". Herri txikietan ere ari dira azkenaldian antzerkia eta solasaldia batzen dituen ziklo batekin. "Antzerkia ikustea ohikoa ez den txoko batzuetan aurkeztu ditugu piezak, eliza edo bolatokia kasu, eta ostean solasaldi oso interesgarriak piztu dira hamaiketakoaren inguruan". Atauri, Soraluze, Madril eta Murtzia ere bisitatuko ditu antzerki taldeak hurrengo asteetan obra desberdinekin.
Pez Limbo taldeak duen ikasturte hasiera beteari aurki batuko zaio Inopia, arte eszenikoen sorkuntzarako sarea handitzeko asmoz. Bi langilerekin hasteko asmoa dute, teknikari bat eta kudeatzaile bat, eta beharren arabera egokitzen joango direla azaldu du Hernandok. "Hainbat atzerapen izan ditugu, baina espero dut laster prest izatea. Proiektuarekin hasteko gogoa daukat, amestutako hori benetan errealitate egiten den eta nola egokitzen den ikusteko".