Apasos elkarteko emakumeek Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren babesa lortu dute, eta gaur bertan Gasteizko Animaliak Babesteko Zentrora itzultzeko aukera izango dute. 2021eko urriaren 15ean kanporatu zituzten boluntarioak txakurtegitik, ebazpen judizial baten bidez.
Elkarteak sare sozialen bidez zabaldu duenez, EAEko Auzitegi Nagusiak Apasos botatzea legezkoa zela erabaki zuen Gasteizko Administrazioarekiko Auzitegiaren aurreko epaia zuzendu du. Auzitegi Nagusiak onartu egin du elkarteak udal txakurtegira itzultzeko aurkeztutako apelazio errekurtsoa, kautelazko neurri gisa, auzi nagusia ebatzi arte.
Sexu erasoak
Epai hau azkena da, oraingoz, sexu abusuen salatzaileak eta Gasteizko Udala duela sei urtetik aurrez aurre jarri dituen auziaren inguruan.
Izan ere, iragan martxoan Gasteizko Zigor Arloko 2 zenbakiko Epaitegiko epaileak hiru urteko kartzela zigorrera kondenatu zuen txakurtegiko boluntarioei sexu erasoak egin zizkien udal funtzionarioa eta udala ere zigortu zuen txakurtegiko erantzule zibil subsidiario gisa.