Sei urte igaro dira Apasos elkarteak Gasteizko udal txakurtegiaren arduraduna salatu zuela zazpi emakume boluntariori sexu abusuak egiteagatik. Funtzionario ohiak bere erantzukizuna onartu du aste honetan epaitegian zigorra apaltzea lortzeko, eta epaileak hiru urte eta hamar hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio.
Halaber, Gasteizko Zigor Arloko 2 zenbakiko Epaitegiko epaileak biktimengandik sei urtez urruntzeko agindua ere ezarri dio erasotzaileari ―hiru urte sexu erasoengatik, eta beste hiru urte hertsapenengatik―. Horretaz gain, 21.000 euroko kalte ordaina jasoko dute biktimek. Diru horretatik 10.600 euro Gasteizko Udalak ordainduko ditu, Armentiako txakurtegiko erantzule zibil subsidiario gisa.
Erasotzaileak aitortu du 2018ko udaberritik 2020ko maiatzera bitartean zazpi emakume boluntarioak hainbat aldiz ikaratu, eraso eta presionatu zituela. Aitortu du, halaber, ukituak, iradokizunak, musuak eta mehatxu zuzenak egiten zizkiela. Gainera, biktimetako batzuk txakurtegiko logeletan atxiki zituen.
Zaballako espetxean dago 2022tik erasotzailea, bikotekide ohia bortxatzeagatik. Biktima hura ere Apasos elkarteko kidea zen, eta aipaturiko udal txakurtegian egiten zuen lan.
Udalaren babesik gabe
2018ko udaberri-udan salatu zituzten zazpi emakume boluntariok Armentiako udal txakurtegiko langilearengandik sexu abusuak, umiliazioak eta tratu iraingarriak. Apasos elkarteak salatu zuen udal txakurtegiko arduradunek –tartean Gorka Urtaran alkateak– 2019ko irailean ezagutu zutela kasua, eta ez zutela ezer egin. Elkartearen arabera, gainera, udaleko arduradunek ez zuten Indarkeria Matxistaren aurkako Protokoloa aktibatu.
Aitzitik, elkarteak gogorarazi duenez, salaketaren ondoren, "presioak, presidentearen aurkako salaketak eta txakurtegiko boluntariotzatik baztertzeko ahalegina" jasan zituen Apasosek, eta azkenean udalak lortu zuen elkartea Animalien Babeserako Zentrotik botatzea.
Sexu erasoen aurrean Gasteizko Udalak beste alde batera begiratu duela salatu du hainbat alditan Apasos elkarteak, eta salaketa jarri zuten emakume boluntarioek ez dutela "inoiz" udalaren babesa jaso: "Ez lehen, EAJren alkatetzarekin, ez orain PSErekin".