Gasteizko udaltzainek 25 urteko gizon bat atxilotu zuten ostegunean, apirilaren 2an, bikotekide ohiari erasotzeagatik. San Anton plazan atxilotu zuten gizona. Bertan hainbat pertsonaren arteko eztabaida bat gertatzen ari zelako joan ziren poliziak eta tokira iritsi zirenean gizon bat eta emakume bat eztabaida sutsuan ikusi zituzten, eta gizona, polizien presentziaz ohartzean, handik alde egiten saiatu zela; hala ere, metro gutxira geldiarazi zuten.
Poliziek egiaztatu zuten gizonak emakumea erasotu zuela, eta erasotzailea bere bikotekide ohia zela. Gainera, ez zen erasoak gertatzen zen lehen aldia.
Halaber, ostiral goizaldean, 28 urteko beste gizon bat atxilotu zuten ohiko tratu txarrengatik. Kasu honetan, herritarren segurtasun lanetan ari zen patruila bati herritar batek jakinarazi zion emakume bati eraso egin ziola beste gizon batek.
Salatzaileak adierazi zuen emakumearen dei bat jaso zuela minutu batzuk lehenago, bere bikotekidea erasotzen ari zitzaiola esanez. Gainera, azaldu zuen ez zela lehen aldia, eta gizonak emakumea kontrolatzen zuela, errespeturik gabe tratatzen zuela eta jeloskortasunagatik hainbat telefono mugikor ere apurtu zizkiola.
Urruntze agindua urratzea
Hirugarren atxiloketa astelehen arratsaldean gertatu zen. Udaltzainek 31 urteko gizon bat atxilotu zuten urruntze eta komunikazio debekua hausteagatik. Atxiloketa alkoholemia eta dokumentazio kontrol batean egin zen; ibilgailu bateko bidaiariak identifikatzean, egiaztatu baitzuten gizonak debekatuta zuela bere ondoan zegoen emakumearekin harremanetan jartzea eta hurbiltzea.