EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU batzarkide taldeko eledunek agerraldia egin dute gaur Arabako Batzar Nagusietan, diputazioari eskatzeko Hapoelek eta Maccabik ez dezatela Buesa Arena pabiloia erabili aurreikusita dituzten partidak jokatzeko. BDZ (Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak Israelen aurka) nazioarteko mugimenduarekin, eta Osagileak Genozidioaren Kontra taldearekin batera egin dute agerraldia.
Buesa Arena espazio publikoa dela kontuan hartuta eta aldundia bertan egiten diren jardueren arduradun nagusia, pabiloia ixteko aukera duela azpimarratu du Koldo Alzola BDZko ordezkariak. "Duela egun batzuk jakin genuen Saski Baskonia klubak ateak itxita eta jenderik gabe ospatuko dituela Israelgo taldeekin jokatu beharreko partidak. Uste dugu neurri hori ez dela nahikoa, eta gure hirian ordezkaritza sionisten presentzia normalizatzeko eta blindatzeko modu bat dela".
Bestalde, Xabier Valdor EH Bilduko batzarkideak berretsi du genozidio bat "justifikatzen duten talde israeldarrak" ez direla ongi etorriak Gasteizen, eta aldundiak Israelgo taldeei Buesaren erabilera galarazteko eskaera egin du. "Aldundiak aukera guztiak agortu eta bide juridiko guztiak aztertu behar ditu partida horiek egitea eragozteko", nabarmendu du.
Ildo beretik, David Rodriguez Podemoseko bozemailearen hitzetan, "ezin da onartu herritar guztionak diren erakunde publiko foralak erabiltzea Gazako genozidioa babesten edo legitimatzen duten ekintzak egiteko, ezta giza eskubideen urraketak eragiten edo sustatzen dituzten ekitaldietarako ere".
Martxoaren 27an lehen partida
Hapoelek eta Maccabik martxoaren 27an eta apirilaren 7an aurreikusita dute Euroliga partidak jokatzea Gasteizen. Alta, biak ala biak Israelgo estatu genozidaren "ordezkariak" direla gogoratu dute talde politikoek eta herri mugimenduetako kideek.
Maccabi Israelgo erregimenaren "enbaxadore nagusietako bat" dela azpimarratu dute. "Haren zuzendaritza eta jokalariak nabarmendu dira Israelgo okupazio armadari laguntzeko publizitate kanpainetan aktiboki parte hartzeagatik", esan dute.
Hapoel, berriz, Ofer Yannai enpresari israeldarrarena da. "Yannai Israelgo armadak Gazan egindako sarraskiaren aldeko adierazpen esplizituak egin ditu, eta publizitate orriak kontratatu ditu Israelgo prentsan babes hori adierazteko", azaldu dute.