Hapoel eta Maccabiren aurkako partidak "bertan behera" uztea exijitu dute

Anakoz Amenabar 2026ko martxoaren 20a

Palestinarekin Elkartasuna plataformak agerraldia egin du gaur. Argazkia: PALESTINAREKIN ELKARTASUNA

Palestinarekin Elkartasuna plataformak salatu du talde hauek "estatu terroristaren enbaxadore" gisa datozela Gasteizera, eta mobilizazioa deitu du datorren ostiralerako.

Baskoniak Gasteizen Hapoel eta Maccabi talde israeldarren aurka ateak itxita jokatzeko hartutako erabakiaren aurrean, Palestinarekin Elkartasuna plataformak partida horiek bertan behera uztea exijitu die Jaurlaritzari eta klubeko zuzendaritzari. Taldearen ustez, Israelgo "estatu terroristaren enbaxadore" diren jokalariak Gasteizera etortzea onartezina da, eta kirola genozidioa "garbitzeko" tresna gisa erabiltzen ari dira.

Plataformak nabarmendu du ateak itxita jokatzeko erabakia herri presioaren eta boikot kanpainen ondorio dela, azken hilabeteetan saskibaloi zein txirrindularitza talde sionisten presentzia "desnormalizatzea" lortu baita. Hala ere, partidak bertan behera uztea da helburu bakarra, Israeli zilegitasuna ematea "gizateria osoarentzat arrisku handia" dela uste baitute, batez ere Libanoren inbasioaren eta Palestinako genozidioaren testuinguruan.

Kritika gogorrak zuzendu dizkiote Arabako Foru Aldundiari, Buesa Arena estadioaren jabea izanik partidak jokatzea ahalbidetzeagatik. Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiaren "hipokrisia" salatu du plataformak. "Izan ere, talde hauek Euroligatik kanporatzearen alde hitz egin zuen arren, orain ez du neurri eraginkorrik hartu partidak bertan behera uzteko. Sionismoaren konplize oro seinalatzea dagokigu".

Hala, martxoaren 27rako Gasteizko erdialdean deitutako mobilizazioa mantendu egingo dutela azaldu dute, "helburu bikoitzarekin". Batetik, partidak bertan behera utz ditzatela eskatzeko, eta, bestetik, Israelgo estatuaren sarraskiak salatzeko. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago