Apasos elkarteak Armentiako Animalien Babeserako Zentrora itzuli ahal izatea eskatu du, eta herritar partikularrek bertan laguntzeko egindako azken proposamena "eskertuta" ere, animalientzako arreta elkartearen bidez baino ezingo dela egin iritzi diote.
Ohar batean, 2019an emakumezko boluntarioek ustez bertan jasandako sexu abusuen inguruan egindako salaketagatik Gasteizko Udalak "mendekua" egin nahi izan duela dio beste behin elkartearen abokatuak, eta, modu berean, txakurtegiko animaliek udalaren erabakiak "ondorioak nozitzen" ari direlakoan da. Elkarteak eskatu du elkarteko boluntarioak "lehenbailehen" itzuli ahal izatea zentrora.
Apasos elkarteko presidente Marta Morenok eskertu du hainbat herritarrek egunotan egin duten proposamen bat bertan laguntzeko, baina ohartarazi du lan hori "soilik posiblea dela" haren elkartearen "bitarteko eta azpiegituraren" bidez. Ziurtatu du elkarteak 50.000 euro baino gehiago gastatzen zituela albaitarietan, harrera etxeetan eta "animalien bestelako beharretan", eta galdetu du ea herritarrek nola egingo dieten aurre gastu hauei, "borondate ona izanda ere".
Ebazpen judizial baten ostean atera zuten elkartea txakurtegitik, baina elkarteak gogora ekarri du epai hori errekurritu dutela. Elkartearen irudikoz, udal gobernua "biktimen alde ez lerrokatzeaz" gain, "gaztigatu" egin ditu elkartearekiko hitzarmena ez berrestean.