Bi hilabeteko mobilizazioen ondoren, Arabako Diputazioaren Gizarte Ongizateko sailaren menpeko diren Hazten eta Sortulekuko langileek zazpigarren greba eguna dute gaur. Goizean, Arabako Foru Aldundiaren aurrean egingo dute elkarretaratzea. Azpimarratu dute jokoan dagoena ez dela "lan arloko auzi hutsa", baizik eta Araban egoera ahulenean dauden pertsonei zuzendutako gizarte baliabideen "kalitatea eta egonkortasuna bermatzea".
Horregatik azpimarratu dute gatazka Gizarte Politiketako diputatu Gorka Urtaranekin eta GOFEko talde teknikoarekin dutela, nahiz eta azpikontratatutako zerbitzua izan.
Sortulekuko hezitzaileak Ondoan zerbitzuan subrogatzea exijitzen dute, egoera zaurgarrian dauden emakumeei eta haien seme-alabei arreta ematen jarraitzeko eta beste baliabide batzuetara lekualdatzea saihesteko. Nabarmendu dute talde finkatua eta espezializatua direlako arlo horretan.
Bestalde, Hazten 7 eta 14 urte bitarteko haurrentzako egoitza gisa mantentzea eskatzen dute, eta 14 eta 17 urte bitarteko adingabeentzako baliabide berri bat irekitzea, "egungo harrera sarearen errealitatearen aurrean beharrezkoa dena".
Ildo horretan, Arabako gizarte baliabideak indartzea exijitzen dute langileek, arretaren kalitateari zuzenean eragiten dioten erabaki politikoen bidez.