Baskoniako Kurucs jokalariari txistu egin zioten ospakizunean eta taldearen babesa jaso du

Jon Hidalgo 2026ko otsailaren 25a

Asteartean Andre Maria Zuriko ospakizunean entzun ziren txistuak. Argazkia: ALEA

Bikote ohiari eraso izanagatik bere parte hartzea zalantzan jarri izan du zalegoaren zati batek. Taldeak eta beste hainbat ahotsek elkartasuna adierazi diote jokalariari, eta osteguneko partidan 7. minutuan txalo egitera deitu dute zenbait zalek.

Asteartean, Baskoniaren Errege Kopako ospakizunetan zehar Rodions Kurucs jokalari letoniarrari txistu egin zioten Andre Maria Zuriaren plazan zenbait zalek. Taldeak eta hainbat zalek babesa adierazi diote Kurucsi. Kopako txapeldunei egindako omenaldian, Kurucs balkoira irten zenean entzun ziren txistuak. Tadas Sedekerskis mikroa jokalarien artean pasatzen ari zen, eta letoniarra hitz egitera zihoanean, zale talde "txiki" batek oihu egin zuen: "Kurucs escoria, fuera de Vitoria".

Oihuak entzunda, atzera egin zuen jokalariak. Mikroa bueltatu eta beste jokalari bati utzi zion hitza. Taldekideek zein Paolo Galbiati entrenatzaileak babesa adierazi zioten Kurucsi, baita Joxe Felipe Auzmendi aurkezleak ere. Sareetan ere hainbat pertsona agertu dira Kurucsen alde, eta jokalariak jasotako babesa eskertu du bertan, eta esan Buesan izango dela "gutxienez beste bi urtez".

Zale batzuek ekimen bat sortu dute sareetan. Ostegunean, Valencia Basketen aurkako partidan, 7. minutuan txalo zaparrada egitea proposatu dute, Kurucsen dortsal zenbakiagatik.

Indarkeria matxista

Kurucsen fitxaketak berak sortu zuen eztabaida Baskonian. UCAM Murciatik iritsi zen 2023ko udan, 2028ra arteko kontratuarekin, eta zalegoaren zati batek hasieratik gogorarazi zuen jokalariaren iragan judiziala.

2019an Kurucs atxilotu zuten, orduko bikotekideari eraso egitea egotzita. 2021ean, New Yorken, jokalariak "disorderly conduct" delitu arina onartu zuen, bere burua erruduntzat jota. Akusazio nagusiak, eraso fisikoarenak, ez zuen aurrera egin, baina epaiketan bi neurri ezarri zizkioten: Hamasei asteko indarkeria matxistaren prebentziorako programa egitea, eta urruntze agindu iraunkorra bikotekide ohia babesteko.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago