Bere auzoaz hasi gara berriketan. "Madrilgo auzo batean hazi nintzen, San Blasen. Zaramagaren antzeko auzo bat zen, Frankismoaren sasoi berdintsuan eraikia, txabolismoari aurre egiteko. Bullyinga jasa behar izan nuen, baina gero oso ondo pasatu nuen".
Noiz ohartu zinen zure izaera ez zetorrela bat gizon batengandik espero zenarekin?
Bada frantses idazle bat, Didier Eribon, esaten duena gure identitatea eraikitzen dela irainetik, laidotik. Zu ume kozkorra zara, eta, bat-batean, egun batean entzuten duzu "maritxua!". Ez dakizu zer den hori, baina entzun eta entzun jabetzen zara ez dela ona. Hor, dagoeneko, zaurgarritasun egoera batean zaude. Gero gizonak noiz hasi zitzaizkidan gustatzen? Askori "maritxu!" edo "mari-mutil!" esan diete, homosexuala izan gabe. Nire kasuan, nerabezaroan, sexu jolasetan-eta, ahal nuenarekin egiten nuen, baina batez ere gizonekin. Gustuko nuen mutil bat bazegoen, fitxak etsi-etsian sartzen nizkiona...
Eta politizatzen nola hasi zinen?
Gogoratzen ditut institutuan egin genituen greba batzuk. Generoka banatuta geunden. Gurea Quevedo zen eta neskena Gabriela Mistral. Patioa partekatzen genuen, baina nahastu ez gintezen, alanbre hesi bat jarri zuten. Hautsi egin genuen, eta adreiluzko harresi bat jarri zuten. Hura ere puskatu genuen Errepresiorik ez! oihuka. Elkarrekin egon nahi genuen, bakarrik. Institutura ere elkarrekin joaten ginen, auzokideak ginen, adiskideak. Selektibitatearekin ere protestak egin genituen. Jakin genuen unibertsitate pribatuetan selektibitatea gainditu gabe ere sar zitekeela, eta ohartu ginen selektibitatea marroi bat zela, baina pobreentzat, batez ere. Auzo elkarteek dinamismo handia zuten, eta irakurtzeko eta disko forumak egiteko ere elkartzen ginen, han eta liburu denda batzuetan. Debekatuta zegoen dena irakurri nahi genuen.
"Aurrez idatzitako gidoi bat bete behar ez izateak pertsona guztiei egiten digu on"
Eta sexu borrokan?
Baziren aldizkari kontrakultural batzuk: Ajoblanco, El Viejo Topo, Ozono... Eta Frente de Liberación Homosexual de Castilla (FLHOC) izan zen ezagutu nuen lehen talde antolatua. Artean Madril ofizialki Gaztela zen. Eta hor hasi ginen. Nik liburu denda bat nuen nire mutilarekin, liburuak eskuratzeko aukera nuen, eta FLHOCeko bileretara joaten nintzen Carlos Marx zeritzan kolektibo baten lokaletan. Ekintza asko egiten genituen eta aldizkari bat ere bagenuen: La Ladilla Loca. Trantsizioaren sasoia zen, giro politikoa pil-pilean zegoen, jende asko mugitzen ginen, eta horren barruan kokatu behar da sexu askapenaren aldeko borroka ere.
Arlo guztietan...
Bai, gogoratzen dut Bazterketa Sozialaren Kontrako Koordinadora bat egin genuela. Niri asko gustatu zitzaidan. Pentsa, hor geunden Minusvalidos Unidos dibertsitate funtzionala zuen jendea, FLHOC, Psiquiatrizados en Lucha, Copel (Coordinadora de Presos en Lucha). Oso dibertigarria zen, bileretan agian Copelekoak hasten ziren: "Ba, joango gara, eta ostiatu gaitzatela, eutsiko diegu eta eraman gaitzatela atxilo!". Eta orduan elbarritu batek agian esango zuen: "Bai, zera, neuk ez dut hori egingo, zer uste duzu erotuta naizela?". Eta orduan eroak: "Errespetu pixka bat eroei!". Eta Copelekoak berriz: "Ba, ze maritxuak zareten!". Eta guk: "Jakina, maritxuak garela!". Bakoitzak bere harrikada, enpatia gutxi eta zuzentasun politikorik ez. Lavapies auzoan egin genuen ekitaldi bat aurkezpen gisa, eta gero apurka-apurka desagertu egin zen, batez ere, Copelekoei egur handia eman zietelako.
Militantzien intersekzioan...
Hasieran auzoetako talde libertarioak ginen, gero heldu zen CNT eta ateneoak, eta espazio hori idilikoa zen. Tira, han ezin zen alkoholik edan, eta gu litronekin ibiltzen ginen, asko drogatzen-eta. Bi adar zeuden, bat modernoagoa-edo, bestea ofizialista. Azken hauek bilera batean behin esan zuten CNT ezin zela izan maritxu eta puten etxea. Gero hasi ziren federazio lokal eta sindikatuetatik gu botatzen. Aitzakia zen "gurea" ez zela organikoa, alegia hortik kanpo lantzekoa zela. Bestalde, FLHOCen gertatzen zen batzuk agertzen zirela jendea ezagutzeko, eta behin ligatzen zutenean, desagertu egiten ziren. FLHOCek parte hartzen zuen Coordinadora de Frentes de LiberaciÛn Homosexual del Estado Español-en (COFLHE). Antolakunde hura bere iraupenean eta ekinean politizatzeko tresna ona izan zen.
Nola joan zen Trantsizioa?
Desengainu handia izan zen, kaka bat. Batetik, heroina heldu zen auzoetara, Madrilen movida ere etorri zen, alegia, orrialdea pasa eta ondo pasa. Vigon edo Euskal Herrian gauzak beste era batera mugitzen ziren.
Eta hiesa etorri zen.
Hasieran ez genekien ezer, sinetsi ere nekez. Gure kontrako sarraski bat izan zen. Gizartearen begietan marika eta jonkien kontua zen. Madres Contra la Droga-ko batek zioen gisan, "geratzen zaienerako... hobe hiltzea".
Baina heteroei ere eragiten die.
Bai, baina urte haietan bazirudien ez zela euren arazo bat. "Ni ez naiz putetara joaten, ez naiz jonkia eta ez naiz maritxua, beraz, libre!". Esaten zen gaixotasuna bizioak eragiten zuela. Heteroak beti iristen dira berandu. Preserbatiboa antisorgailu modura janzten zuten bakarrik; bestela emakumezkoek pilula hartu eta kito. Lan handia egin behar izan zen.
"Adiskidetasuna da paperik gabeko harreman bakarra; adiskideak gara, eta kito"
Eta zure militantzia nola garatu zen?
Elkarte eta kide askok asistentzialismora jo zuten. Guk La Radical Gay sortu genuen. Berehala, hasi ginen hitzaldiak ematen institutu eta abarretan, transmisioaren gaineko informazioa ematen, kontsumitzen zutenei xiringa berriak ematen, preserbatiboak... Gure gertuko lagunak ere hiltzen ari ziren. Bat-batean lagun bat girotik desagertzen zen, eta handik denbora batera hil zela jakiten zenuen... Artean, botikarik ere ez zegoen. Baina, kalera ateratzen ginen Lavapiesen eta Minuesan, okupatutako zentro sozial batean. Abenduaren 1ean Sol-en lurrera botatzen ginen hildakoak itxuratzen, kristauak etorri eta liskarrean hasten ginen... Pandemiak eragin zuen guk pauso bat ematea aurrera eta aldeetara. Gure gorputzak zeharkatzen zituen. Nor hiltzen zen? Ba, batez ere pobretuak, marikak, putak, jonkiak, trabestiak...
Eta Gasteizera etorri zinen.
Madrilen joan nintzen lehen manifa handietako bat Martxoaren 3agatik izan zen. Gero, ezagutu nuen Gasteiz, tarteka etorrita. Ezagutzen nuen Resiste kolektiboa eta fanzinea, ezagutzen nituen manifa ateoak, edo Andre Maria Zuria soka batekin lurrera bota zutenekoa: Madrilen nengoen eta oso polita iruditu zitzaidan. Niretzat ez zen apaiz eta militarren hiria, edo euren seme-alabak oso bihurriak irten zitzaizkien. Kutxin eta Zapan oso gustura ibiltzen nintzen.
Eta giro marika?
Bazegoen talde bat, Cogal, oso izen txarra, Colectivo Gay de Alava. Almeria edo Albacete ere izan zitekeela esaten nien, kar-kar... Izena aldatu genion: Gaytasuna. Hiztegian begiratu nuenean gai "capaz", "apto" eta gay jarrita... "Tasuna" atzizkiarekin argiago ezin.
Zer da heteroaraua?
Ñabardura batekin hasiko naiz: zishetero araua. Erregimen politiko bat sexu eta genero harremanak gobernatzen dituena, eta historikoki kapitalismoari oso ondo etorri zaiona. Batez ere, genero eta sexu arauak betetzen ez dituzten pertsonei erasaten die, baina baita zuria den kapital horren parte ez diren pertsonei ere. Alegia, badira bestelako herri eta kulturak munduan, eta horiek ez dira hartzen zisheteronormatibotzat: "Afrikan, edo auskalo non gertatzen diren gauza horiek". Hierarkizazio bat ezartzen du, gizarte antolaketa bat.

Ados, eta zishetero arauarekin bat egiten duten pertsonentzat?
Genero arauek denok erasaten gaituzte. Badira gizon hetero asko beren luma ezkutatzen ibiltzen direnak, esaterako. Aurrez idatzitako gidoi bat bete behar ez izateak pertsona guztiei egiten digu on. Aukerak zabaltzen zaizkigu, zeuk erabaki, zeure esperientzia eta hausnarketekin. Horregatik, ez naiz oso terminologia zalea: heterosexuala, homosexuala, bisexuala... Oso ondo, baina kontua da zuk zeuk nahi duzuna egitea, eta ez determinatuta zaudelako hau edo beste egin. Lehenik, zaila da konturatzea, gero kolokan jarri, eta gero hortik ihes egin. Probatu behar da, baina heteroaraua, besteak beste, monogamoa ere bada. Pertsona transak dira hori dena dinamitatzen ari direnak.
Nola janzten da gaur egun heteroaraua?
Gizartea gero eta gehiago da "ni libre, eta hi izorra hadi". Gaur egun, oraindik ere, familiaren alde egiten jarraitzeak, bikoteka bizitzeak, monogamiak, lan on batek estatus bat ematen dizu. Orduan, asko ikasi behar duzu, gero lana, bikotea, seme-alabak... Gidoia jarraitu, nik esaten dudan moduan. Arau horiek guztiz zeharkatzen gaituzte, arrazakeriak bezala.
"Normalena da haurrek gorputzak biluzik ikustea, hori normalizatzea"
Eta familia nuklearra inoiz baino nuklearrago.
Bai, hor sartu zaigu haurraren zaintza edo babesa; gai politiko bat da. Ez da haur guztien zaintza eta babesa, "nire" haurrarena baizik, "nire" haurrak jarraitzen du proiektu bat izaten, inbertsio bat ia, "nire" haurra ezin da ukitu, ezin zaio hau, hori eta hura egin, neuk hezten dut, neuk ondo dakit nola. Joera ez da izan haziera kolektibo eta sozialagoetara. Familia zuri integratuen umeen zaintza sistemaren aktiboetako bat da. Horrek azaltzen du eskola publiko eta itunpekoen banaketa, irakasleek, begiraleek eta abarrek gurasoen aurrean autoritatea galdu izana, etab.
Eta Bernedokoa.
Hori aberrazio bat izan da, gehiegikeria bat administrazio, hedabide eta guraso batzuen aldetik. Normalena da haurrek gorputzak biluzik ikustea, eta adin guztietakoak, hori normalizatzea. Horrek lagunduko luke, gainera, gorputz eredugarri eta kapital erotikodunen tiraniarekin apurtzen. Elkarren gorputzak ikusi: lodiagoak, argalagoak, tripotxarekin... Elkarrekiko sentiberatasuna landu. Umeak gero eta txikiagotik ari dira janzten kapital erotiko baten bila. Bestalde non dago etxe berean pila bat jende bizi diren umeen zaintza? Patera batean heldu direnena?
Gorputzez ari garela, zer moduz daramazu adina?
Adinarena putakeria bat da, adin ez-produktiboan sartzen zara, zure kapital erotikoa pasa da... Familiarik sortu ez, eta ez baduzu lortu elkar zaintzeko bestelako harreman modu eta espazio batzuk sustatzea, odolkidetasunik gabeko senidetasun bat, porrotaren sentsazioa duzu. Nik horretan ahalegintzen jarraitzen dut. Nire erronka adiskidetasunaren aldekoa da, adiskidetasuna da paperik gabeko harreman bakarra, adiskideak gara eta kito. Besteetan norbaiten seme-bikote-senar zara.
Bizanek sortu du adineko LGTBIQ+ pertsonentzako topaleku bat...
Lehen pauso bat da, Bizan informazio gunean gauzatzen dena. Lehen bileran parte hartu nuen, baina bestelako zerbait nahi nuen nik: Bizaneko zentro guztietan langileak formatzea. Gutxienekoa da pertsona baten sexu orientazioa jakintzat ez dezatela eman. Eta zure zentroan bertan aukera izatea, ez zentrotik kanpo. Bestalde, adineko pertsona heteroek ere badute formakuntzarako eskubidea, badira filmak, hizlariak... Batzuetan ematen du zahartegi bat. Nahiko zuria da ere bai, kosta egiten zaigu zishetero zuritik ateratzea.
Azken urteetan Lumagorri taldean eta Ikusgune behatokian ibili zara.
Lumagorri izena ere oso egokia da. Ez da neuk jarria, e! Lumagorri lotzen da borroka eta aldarrikapenarekin. Nik adintxo bat dut, eta ez nabil lehen lerroan, baina jarraitzen dut. Lortu genuen gauzarik garrantzitsuenetako bat Ikusguneren sorrera izan zen, LGTBIQ+fobia eraso guztiak salatzeko behatokia. Nahiz eta instituzioekiko lankidetza erraza ez izan, erreferente bat da, zalantzarik gabe. Orain behatokien topaketa bat prestatzen ari gara.
Azkena! Zer moduz daramazu euskara?
Noizean behin gustatzen zait hitz egitea. Bederatzigarren urratsera arte egin nuen, nire poltsikotik. Lehen gehiagotan erabiltzen nuen, baina egia da ikastaroak, hitzaldiak eta bestelakoak emateko gaztelania erabili izan dudala. Gasteiza heldu nintzenean euskaldun gutxiago zegoen. Orain, dena den, askoz euskaldun gehiago dago, baina erabili, erabili... ez hainbeste. Hala ere, esango dut: euskaraz hitz egitea ez da pribilegio bat, baina ikastea bai. Nire proposamena ez da euskararen doakotasuna, baizik eta euskara ikasteagatik pertsonei ordaintzea, beka moduan.
