Hego Euskal Herriko 16 urtetik beherako adingabeek ezingo dituzte sare sozialak erabili. Hala iragarri du Pedro Sanchez Espainiako presidenteak, sareak arautzeko beste zenbait neurriren artean. Baina nola jaso du albistea hezkuntza komunitateak? Azken urteetan mugikorrak eta sare sozialak arduraz erabiltzeko lanketa berezia egin dute Gasteizko Urkide ikastetxean, eta denbora honetan egindako hausnarketa plazaratu du Aitor Perez de San Roman zuzendariak.
Egokia al da 16 urtetik beherakoei sare sozialak debekatzea?
Uste dut sare sozialei jartzen zaien edozein muga ongi etorria dela. Helduok ez bagara gai sareetan gure denbora mugatzeko, ezinezkoa da nerabeek egitea, nahiz eta guraso batzuek ez duten arazoa ikusi nahi. Batzuei ahaztu zaie nolakoak ginen gu gaztetan; pentsatu zer egingo genukeen guk telefono batekin! Alkoholaren kontsumoa araututa dagoen modu berean, eta adin horretan are kaltegarriagoa den kontzientzia baldin badaukagu, zergatik ez arautu mundu digitala? Eta berdin zait Pedro Sanchezek proposatu duen neurri hori, Ursula Von den Leyenek edo Imanol Pradalesek, askok horren kontra egiteko aitzakia bilatzen dutelako; neurria lagungarri bada, aurrera. Sare sozialek menpekotasuna sortzen dute, eta nerabeek beraiek onartzen dute, erabat engantxatuta daudela. Errua sare sozialena da bakarrik? Ez, hainbat faktore daude. Sare sozialek badute zerikusirik? Bai, erabat.
Beste sare sozial eredu bat izan daiteke aukera?
Zein da eredu hori? Erabiltzen ditugunak behintzat ez dira batere osasungarriak, horietan ere maila desberdinak dauden arren. Baina badauka nerabe batek horiek ondo kudeatzeko gaitasunik? Badu irizpide kritikorik? Normalean ez, eta beharrezkoa da horiek ondo erabiltzeko. Prest baldin badaude aurrera, baina ez badaude, eta hori da ohikoena, nerabezaroan oraindik ikasten ari direlako, mugak jarri behar dira.
"Sare sozialek menpekotasuna sortzen dute, eta nerabeek eurek onartzen dute"
Mugikorren gehiegizko erabileraren inguruko kezka aspalditik duzue Urkiden.
Aspaldikoa da kezka, baina pandemiarekin batera hasi ginen benetako hausnarketa egiten. Esku artean genituen datuak argiak ziren: sare sozialek eta telefonoek eragin itzela zuten gure egunerokoan, bai ikasleengan eta bai langileongan ere. Langileok ohartu ginen, pandemian are nabarmenago, edozein ordutan genbiltzala Whatsapp, email eta deiekin. Eta, larriagoa dena, ikasleen aldetik seinale kezkagarriak iristen hasi ziren, zuzendaritza eta orientazio departamentuaren bitartez: elikadura nahasmenduak, sareetako jazarpena, elkarbizitza arazoak, eta are okerragoak ... Momentu batean ikusi genuen gobernaezina zela hau, klasean arreta mantentzea ezinezkoa zela. Eta guraso elkarteak ere esan zigun zerbait egin behar genuela. Gure burua babestu behar genuen, eta 2021ean hausnarketa sakona egin ostean, helduok eredugarri izan behar genuela erabaki genuen. Erakundeek arautzen ez dutena guk egitea erabaki genuen.
Horren ondorio da Reset Eskola egitasmoa?
Zuzendari taldea, orientazio mintegia, balio taldea eta familiak elkartu ginen. Erabaki genuen irakasleok eta langileok eredugarri izan behar genuela: ez dugu telefonorik erabiltzen adingabeen aurrean, eta izatekotan salbuespena da. Familiei ere proposatu genien patiora datozenean telefonoa gordetzea eta "mobil free" guneak sortzea. DBHn eta Batxilergoan eztabaidak egin genituen ikasleekin, eta erabaki genuen telefonoa debekatzea. Familiei aukera eman genien idazki baten bidez tutoreari esateko seme-alabak gailua eramateko baimena duela, baina motxilan eta itzalita egon behar du. Erabiltzen badute, kendu egiten diegu.
Reset Eskolaren barruan "kontratu sozial" baten inguruan hitz egiten duzue. Zer adostu duzue familiekin?
Rousseau-ren Kontratu soziala-ren ideiatik tiraka, antolaketa justuago bat proposatu genuen familiekin, konpromiso maila desberdinekin. Haur Hezkuntzan, familiek konpromisoa hartzen dute haurren aurrean pantailarik ez erabiltzeko. Lehen Hezkuntzan, 15 urte bete arte gailurik ez emateko konpromisoa, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan erabilera kontrolatzea. Gurasoen %83k sinatu zuten HHn eta LHn, eta %11k DBHn. Bete al dute? Inondik inora ere ez. DBHko bigarren mailan gehienek dute mugikorra, baina lortu duguna da lehen 6. mailan ematen zitzaien telefonoa urtebete atzeratzea, DBH1era arte. 15 urte izan arteko epea itxarotea utopikoa da, baina Galeanok esaten duen moduan, utopiak aurrera egiteko balio du.

Nola hartu dute neurri hau ikasleek?
Aurretik ere arau batzuk bazeuden, baina ez zituzten betetzen. Batxilergoko ikasleek eurek onartu ziguten laguntza behar zutela mugatzeko. Eta orain uste dut kultura bat sortu dela. Reset Eskola abian jarri genuenetik irakasleek diote lehen baino askoz telefono gutxiago kentzen dituztela eta gatazka gutxiago dagoela. Arautegia argia da: telefonoa nahi gabe entzuten bada, gailua kendu eta familiak jaso behar du egunaren amaieran; baina erabilera txarra egiten bada, alegia argazkiak egin edo mezuak bidali, aste osoan kentzen diegu gailua. Eta nerabe bati astebetez telefonoa kentzea gatazkatsua da. Ikastetxean 1.500 ikasle dira, eta astean behin izaten da arazoren bat mugikorrarekin; portzentajea, beraz, ona da.
Pantailen erabilera murriztu duzue klaseetan?
Atzeratu behintzat, bai. Reset estrategia digital bat da, ez gara pantailen kontrakoak. Pantailekin lan egiten dugu, robotika dela, mekanografia dela... baina modu kontrolatuan. Teknologia beharrezkoa da, baina ondo erabili behar da. Honekin sareetako jazarpen kasuak ere murriztu dira eskolan, neurri batean; eskolatik kanpo ematen dira %95ean, horietan ere eskolak eskua sartu behar duen arren. Kontuan izan behar dugu pandemia eta gero datuak larriak direla: autolesioak, pornoaren erabilera hedatua, antsietatea... Eskura dituzten ereduak ez dira osasungarriak eta menpekotasun handia sortzen dute. Guraso askok GPSa jartzen diete eskumuturrean, "seguru" egon daitezen, baina gogoratu behar da arriskua telefonoaren barruan dagoela, ez kalean. Segurtasun faltsu baten eredua da hori.
Reset Eskola Arabako beste eskola batzuetara ere zabaldu duzue.
Guraso eta tutore asko "izokin" sentitzen dira, korrontearen kontra borrokan. Ni ere aita naiz, eta badakit gogorra dela seme-alabak esaten duenean beste lagun guztiek mugikorra dutela eta eurek ez... Horregatik gure proposamena "antzarak" izatea da: denok batera hegan egitea, koordinatuta. Arabako 23 bat eskolatan eman dugu hitzaldia, eta askok jarri dituzte martxan "free guneak" edo akordioak. Bakarrik egotea oso gogorra da, honek herri proiektu bat izan behar du, azken finean, gure ikasleak ere beste eskola batzuetakoekin dabiltzalako. Pantailetan hezi egin behar ditugu, zalantzarik gabe, baina gailua ahalik eta beranduen eman badiezaiekegu, hobe.