Donostiako Loiolako kuarteleko 400 militar inguru Arakako kuartelean birkokatzeko asmoa agertu du Espainiako Defentsa Ministerioak, aurten bertan egingo diren eraberritze lanen ondoren. Izan ere, ministerioak 4,4 milioi euroko inbertsioa lizitatu du jada Arakako kuartelaren lau eraikin egokitzeko.
Defentsa Ministerioaren arabera, Araka leku egokia da tiro eremua eta maniobra eremua dituelako, eta instalazioak egoera "onargarrian" daudelako. Martxoan jakingo da zein enpresa arduratuko den Arakan birgaitze lanak egiteaz, eta hamabi hilabete baino ez ditu izango erreforma hori osatzeko. Hortik aurrera, Defentsa Ministerioak erabaki beharko du Loiolako militarrak nola eta noiz lekualdatuko dituen. Argi dagoena da 2029a baino lehen atera beharko dutela Donostiatik.
Izan ere, Donostiako Udalak Loiolako kuartelaren eremua erosteko operazioa itxi du jada Espainiako Gobernuaren mendekoa den Defentsako Etxebizitza, Azpiegitura eta Ekipamenduko Institutuarekin (INVIED). Eskriturak sinatu dituzte eta Donostiako Udalak 1.700 etxebizitza babestu egin asmo ditu Loiolako kuartelaren eremuan bertan.
Tropen lekualdaketaren harira, mozioa aurkeztu du EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietan eztabaidatzeko. Testuan Arakara 400 militar bidaltzeko erabakia bertan behera uzteko eta militarrek okupatzen dituzten lurrak berreskuratzeko eskatzen dute. Ildo beretik, Arabako desmilitarizazioari ekiteko ere eskatu du koalizio subiranistak.
Halaber, 60ko hamarkadan gertatu zen Arakako lursailen nahitaezko desjabetze prozesuaren "leheneratzeko eskubidea" gauzatzea galdegin du EH Bilduk, eta lurrak jatorrizko jabeei itzultzea, hau da, Abetxuku, Gamarra Nagusia, Arangiz, Mendiguren, Erretana, eta Miñaoko administrazio batzarrei.
Lurrak, kontzejuenak
Koalizioak gogoratu duenez, Arakako kuartelak okupatzen dituen lurrak 1960ko hamarkadan kendu zizkion Espainiako armadak Gasteizko, Forondako eta Arratzua-Ubarrundiako orduko hainbat kontzejuri, nahitaezko desjabetzeari buruzko lege frankista bat ezarriz. Gainera, desjabetze hori Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak ordaindu zuten ia osorik, erakunde biek armadaren bitartekari lana egin zuten kontzejuen aurrean, eta azkenean zazpi milioi metro koadro desjabetu ziren.
Desjabetzeagatik 24 milioi pezeta pagatu ziren. Horietatik hemeretzi milioi — %58,3 — Gasteizko Udalak ordaindu zituen eta beste bost milioi foru aldundiak. Militarrek gainerako bost milioiak bakarrik ordaindu zituzten.
EH Bilduk azaldu duenez, "frankismo garaian Gasteizi kendutako 714 hektarea dira udal eta foru kutxetan milioi askoko zorra utzi zutenak", eta salatu dute hamarkada hauetan arabarrentzat eta gasteiztarrentzat "inolako onurarik" ekarri ez duen jarduera dela Arakako militarrena.
Ez da lehenbiziko aldia Arabako Batzar Nagusiek Arakako base militarra uzteko eskatzen dutela. 2016an, EH Bilduk, EAJk, Podemosek eta Irabazik mozio batean horixe bera eskatu zuten. Proposamena EH Bilduk aurkeztu zuen, Burgosko talde logistikoko 250 militar Arakara mugituko zituztela jakin ostean. Mozioan lau puntu jasotzen ziren: iragarritako lekualdaketa ez egitea, lurrak lehengoratzea kostuak saihestuz, gastu militarra murriztea eta bakerako hezkuntzaren aldeko apustu garbia egitea. Ministerioak muzin egin zion eskaerari.