Arabako Foru Aldundiak berariazko plan bat sustatuko du Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan euskararen erabilera bultzatzeko eta normalizatzeko. Ekimenak adostasun politiko zabala du –EAJk, EH Bilduk, PSEk eta Elkarrekin Arabak koalizio abertzalearen jatorrizko proposamen bati erdibideko zuzenketa egitea adostu dute–, eta hizkuntza eskubideak bermatzea du helburu.
Horretarako, neurri zehatzak ezarriko ditu irakaskuntzaren eta kudeaketaren esparruan. Akordioak aurreikusten du egungo egoera aztertzea, helburuak finkatzea, eta 2026a baino lehen ebaluazio mekanismoak ezartzea.
Arartekoak Gasteizko Arte eta Lanbide Eskola Fundazioari iaz gomendatu zion euskararen tratamenduari buruzko berariazko plana egiteko. Arartekoak gogorarazi zuen eskola fundazio baten mende dagoela, fundazio hori hainbat administrazio publikok osatzen dutela eta funts publikoak jasotzen dituela antolatzeko eta funtzionatzeko.
Kexa bat abiapuntu
Arartekoaren gomendioa kexa bat jaso ondoren etorri zen, eskolan langileak kontratatzeko eskatzen diren hizkuntza eskakizunei buruz. Kexa horretan azaltzen zutenez, langileak kontratatzean, ez zuten eskatu irakaskuntza lana behar bezala betetzeko moduko euskara mailarik, eta horrek eragotzi egin zuen lantegiak hizkuntza horretan eskaintzea, nahiz eta ikasle batzuk elebidunak izan eta hizkuntza horretan ikasi nahiko luketen.
Arartekoak informazioa eskatu zion Arte eta Lanbide Eskolaren fundazioari, eta hark erantzun zuen gaur egun eskolak ez daukala berariazko hizkuntza planik, baina zenbait neurri ezartzea aurreikusi dutela, eskolan euskara normaltasunez bizitzeko. Arartekoak gogoratu duenez, eskola zuzentzen duen fundazioa ez da euskal sektore publikokoa, nahiz eta Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren diru laguntzak jaso, baina "horrek ez du esan nahi eskolak inolako betebeharrik ez duenik euskararen tratamenduari dagokionez, hezkuntza araudiak hezkuntza izaera duten eremu guztien ikuspegi integratzailea defendatzen baitu".
Arartekoaren gomendioa kontuan hartuz aurkeztu zuen mozio bat EH Bilduk, eta Arabako Batzar Nagusietan onartu berri dute. EH Bilduren ustez, "eskola gune egokia da hizkuntza politikarako neurriak bultzatzeko, horrela nahi duten herritarrei euskaraz bizitzeko aukerak eskainiko dizkietenak".