Bi mende eta lau belaunaldi

Jon Hidalgo 2026ko urtarrilaren 25a

1900. urteko obrak eman zion egungo itxura botikari. Argazkia: Ekaitz Anda/ALEA

1826an zabaldu zituen ateak, Gasteizko Alde Zaharraren ertz batean, egun hiriko komertzio zaharrena denak. Puente farmaziaren historia eta gaurkotasuna ezagutzeko gerturatu gara, XIX. mende amaierako mostradorearen aurrera.

Puente farmaziak 200 urte bete ditu. Zehatzago, San Frantzisko kaleko 2. zenbakiko farmaziak bete ditu bi mende zabalik. Gasteizko komertzio zaharrena ez baitzuen Puente familiak zabaldu, Fernandez de Arellanotarrek baizik. 1826an Francisco Fernandez de Arellanok botika bat zabaldu zuen Justo Antonio Olagibelek altxatako eraikin horretan, eta bertan jarraitzen du 200 urte beranduago, farmazia gisa zabalik.

Iñigo Puente Mendizabalek darama farmazia gaur egun, eta berak azaldu digu hiru belaunaldiz egon zirela Fernandez de Arellanotarrak farmaziaren gidaritzan, 1911. urtean Franciscoren bilobak botika eta negozioa saldu zizkion arte Lucas Puenteri. Abanton botika bat zeukan Iñigoren birraitonak, baina hura saldu eta familia osoa mugitu zuten Gasteiza; Puente farmaziaren lehen belaunaldia zen.

Lucas Puenteren ostean Federico Puente semeak jarraitu zuen botikarekin. Manuel Iradier txangolari elkarteko kidea zen Federico, zientzia zale eta idazlea, eta Aranzadi zientzia elkarteko kidea ere bazen. Iñigoren aitona zen, eta Isaac Puente mediku anarkistaren anaia. Maeztuko herrian bezala, familian oinaze handia utzi zuen tropa frankistek Isaac Puente hil izanak 1936an.

Aita erretiratzean, Federicoren seme Gonzalok hartu zuen botikaren lekukoa. Gonzalo Puente bere bi arrebekin aritzen zen lanean farmazian, baina hilabeteko epean biak hil ziren, bat-batean, eta aita bakarrik gelditu zen. Egoera ikusita, Gonzaloren emazte Maite Mendizabal sartu zen botikan laguntzera. Nahiz eta hasieran ezagutza handirik ez izan farmazia munduaz, inflexio puntua izan zen ama sartzea, Iñigok kontatzen duenez, jende gehiago hasi baitzen botikara gerturatzen, amaren hurbiltasunak eraginda. Harremanetarako oso ona omen zen ama, asko laguntzen zuen jendea, eta oso maitatua zen auzoan. 30 urte eman zituen botikan aitarekin batera.

Betiko botika

Izan ere, Puente farmazian garrantzia handia ematen diote gertuko zerbitzua eskaintzeari. "Profesionaltasunaren barruan dago hori; enpatia, bestearen gorputzean jartzea". Eta nabaritzen da, bizi osoko bezeroak dituzte botikan, literalki; beste auzo batzuetara bizitzera joandako jendeak ere jarraitzen du etortzen. Txikitan etortzen zireneko itxura bera duela nabarmentzen dute askok.

Ez baita kasualitatea izan itxura hala mantentzea, erabaki kontzientea hartu du familiak. Lucas Puenteri saldu aurretik berritu zuen farmazia Fernandez de Arellanotarren azken jabeak, eta gaur duen itxura eman zion, 1900 urtearen bueltan. Ordukoak dira egungo altzariak, paretetako margoak eta ontziak, besteak beste. Aspaldiko baskula bat eta kutxa erregistratzailea ere badituzte bistan. Xarma handia du botikak. Iñigo Puenteren esanetan, azken 200 urtean aldatu ez den beste zerbait botikaren helburua da: "datorren bezeroari bere arazoarekin laguntzea".

Helburua aldatu ez bada ere, helburua lortzeko modua asko aldatu da. Lehen botika guztiak bertan egiten zituzten, farmazian. Laborategi handia zegoen barnealdean, horretara bideratua. Gaur egun, sendagai gehienak kanpotik eginda datoz, eta haien lana aholkularitza eta salmentakoa izaten da gehienbat.

Baina oraindik egiten dituzte botikak, gutxiengoa badira ere, %2aren bueltan. Medikuak errezetan agindutako formulak osatzen dituzte laborategian, haur txikientzako dosi egokituak ere prestatzen dituzte, edo errezetarik gabe saltzeko moduko sendagaiak ere egiten dituzte; legeak esandakoa jarraituz, noski. Ile erorketaren aurkako Minoxidil botika, adibidez, farmaziako laborategian egiten jarraitzen dute.

Sendagaiak, neurrian

Badute laborategia, baina ez dira industria farmazeutikoa; "peoiak besterik ez gara gu", dio Iñigok. Ez du fama onegirik farmazia industriak askotan, arazo bat dela edo bestea dela. Diru asko inbertitzen da medikamentu berriak ikertzen, sortzen, frogatzen… urte askoko prozesuak dira, eta gaizki ateratzekotan jarritako diru guztia galtzeko arriskuarekin gainera. Baina ikerketarekin sendagai berriak lortzeko dagoen aukera nabarmendu du Puentek, jendearen arazoentzako konponbide berriak.

Baina sor daiteke zalantza. Sendagaia saldu nahi dizunak osasuntsu nahi zaitu, edo bezero? Gehiegi sendatzea enpresa estrategia okerra izan daiteke, errentagarritasun aldetik. Zalantza hauen aurrean osasun publikoaren sistema aldarrikatu du Puentek, herritarrentzako berme bezala. "Estatu Batuetan dena pribatua da, eta ospitale batera sartzean deskonfiantza sortzen da: hau eman didate behar dudalako, edo saldu behar dutelako? Hemen konfiantza gehiago daukagu; badakigu medikuak behar duzuna jarriko dizula errezetan. Sistema publikoak babesten gaitu".

Eta badoaz aldatzen farmaziarekiko gizartearen ohiturak ere. Teknologiarekin, batetik, errezeta elektronikoak ekarritako aldaketak adibidez. Eta bestetik, gazteak gehiago zaintzen direla iruditzen zaio Puenteri, prebentzioaren ideia garatuago dutela. Esaten da medikalizatuegi gaudela, botika gehiegi hartzen direla. "Izan daiteke", dio Iñigok, "baina pentsa kolesterola daukazula, eta medikuak esaten dizu konponbide erraza duela, bizimodua aldatu, kirola egin, ondo jan… hala egitekotan ez duzu beharko; baina ez dugu egiten, eta pilula hartzen dugu".

Puentek berak esan du hobe dela berez botikarik ez hartzea. "Baina behar duzunean, hobe hartzea", nabarmendu du. "Eta sintomak Googlen bilatu beharrean, galdetu profesional bati". Medikalizatuegiak edo ez, gizarte gisa balio fisiologikoak ondo ditugula dio botikariak, eta azpimarratu du munduko bizi itxaropen altuenetakoa dugula.

Osasunari lotutako familia

Puente farmaziaren laugarren belaunaldia da Iñigo Puente Mendizabal. Arreba ere farmazialaria da, baina laborategi batean dabil lanean Madrilen, eta Iñigok hartu zuen etxeko tradizioarekin jarraitzeko ardura. Aita eta amarekin hasi zen lanean, eta bata bestearen atzetik erretiratu zirenean bera gelditu zen bertan. Emaztea, Maria, ere farmazialaria da, eta urte askoan aritu izan da Iñigorekin batera lanean Gasteizen, baina badira urte batzuk irakaskuntzara jauzi egin zuela. Orain lau pertsonaren artean kudeatzen dute farmazia, "lantalde egonkorra" Iñigoren esanetan.

Ez baita erraza, dirudienez, farmaziarako jendea lortzea. Ordutegi zabalak izan ohi dituzte, eta horrek zaildu egiten du, guardiekin batera, langileen bilaketa. Puente farmazian ez dute ordutegia zabaldu, eta ondo moldatzen dira lauren artean. Gaueko guardiak egiten hasi behar izan dute duela gutxi, Iñigok ezagutzen ez zuen nobedadea, azken 30 urteetan halakorik egin gabeak baitziren. Baina Gasteiz hazten joan da, eta biztanle kopuruagatik bi farmaziak egon behar dute etengabe zabalik. Hala ere, beste botika guztiekin batera partekatzen dute ardura, txandaka, eta ez da hainbesterako izaten, "zorionez".

Euskara ere ardatz garrantzitsua izan da Puente farmazian. ALEA ere babestu izan dute beti. Euskarari eman baino gehiago jaso dutela dio, hala ere, Iñigok. "Euskarak asko eman digu guri. Bezero asko etortzen da, eta euskaraz egiten duenak eskertzen du gurean hizkuntza aldatu behar ez izatea". Oso positibotzat dute, eta hautu argia dute euskarazko zerbitzua eskaintzearen alde.

200 urte, eta gero zer?

Iñigok ez zuen presiorik sentitu farmazialari izateko. Zientziak gustuko zituen, arrebak ere farmazia ikasi zuen, eta azkenerako berak ere hautua egin zuen hamazazpi bat urterekin. Irtenbide polita zuela ikusi zuen, eta aurrera. Ez omen du 200 urteen zama sentitzen. "Hori opari bat bezala dator, bigarren mailako gauza bat bezala. Inpresioa ematen du, egia da, baina gero garrantzitsua egunerokotasunean dago", nabarmendu du.

200. urteurrena bultzada bat izango da, hala ere. Urteurren bereziki borobila suertatu da aurtengoa, gainera. 200 urte egin ditu botikak, Iñigok 50, eta 25 urte dira gurasoekin farmazian lanera sartu zela. Ospakizunik ez du pentsatu, baina denok galdetzen omen diogu berdina, eta zerbait egingo duela aurreratu du, gehiegi esan gabe.

Lau seme dituzte Puentetarren etxean. Bi nagusienek jada hartu omen dituzte bestelako bideak, baina baliteke hurrengo bietakoren batek farmazia ikasi eta etxekoek hasitakoari eustea. "Presiorik gabe", gogorarazi du Iñigok, "bakoitzaren bizitza da, egin dezatela nahi dutena". Aukera hori badute, behintzat. Ez da lan makala izango 200 urteko farmaziaren lekukoa hartzea, belaunaldiz belaunaldi gasteiztarren minak arintzen jarraitzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago