Gasteizko udal gobernuak eta EH Bilduk 2026rako udal aurrekontu akordioa erdietsi dute. Rocio Vitero EH Bilduko bozeramaileak iragarri du akordioak aurreko urteetan abiatutako ibilbidea "sendotu eta zabaltzen" duela, eta garatutako lehentasunetan sakontzen duela, alegia "babes soziala handitzea, etxebizitza eskuratzeko aukera hobetzea, tokiko ekonomia eta enplegua sustatzea, eta jasangarritasunean aurrera egitea trantsizio ekosozialaren bidez".
Zenbakietan 8.250.000 euroko akordioa da EH Bilduk, PSEk eta EAJk izenpetuko dutena, eta bost arlo handitan banatuta dago: gizarte eta adinekoen babeserako, 1.535.000 euro; etxebizitzaren alorrean 1.300.000 euro, sustapen ekonomikorako eta enplegurako 2.045.000 euro, trantsizio ekosozial eta energetikoaren atalean 1.815.000 euro, eta "hiri bizi eta bizigarria" lortzeko 1.555.000 euro.
Etxegabetzeen bulegoa
Etxebizitzaren arazoari aurre egiteko neurrien artean, etxegabetzeak prebenitzeko bulego bat sortuko du Gasteizko Udalak. Era berean, Ensanche 21eko eta udalaren etxebizitzen parkea birgaitzea aurreikusi dute eta Gasteizko etxebizitza hutsen egoerari buruzko azterlan bat egitea.
Babes sozialaren eta adinekoen atalean, EH Bilduk auzoetan etxebizitza komunitarioak sortzeko aurreko akordioetan hasitako bidean sakontzea eta harrera-zerbitzua bultzatzen jarraitzea aurreikusten du.
Merkataritzari zuzendutako plana
Sustapen ekonomikorako eta enplegurako atalean lortu du EH Bilduk partida handiena sartzea. "Azpimarratzekoak dira Merkataritza Txandakatzeko, Zabaltzeko eta Dibertsifikatzeko Plan bat egiteko proposamenak, sektoreak eskatzen duen bezala, tokiko merkatuak modernizatzeko zuzenketa bat eta ekonomia sozial eta solidarioko proiektuetarako laguntzak eskaintzeko beste bat". Arlo horretan, halaber, "gure ingurune natural eta kulturalari balioa emango dioten esperientzia turistiko jasangarriak" sustatzera bideratutako proposamenak jasotzen dira.
Era berean, konpromiso kredituen bidez, "EH Bilduk dagoeneko bultzatutako proiektuen aldeko apustuari ere eusten zaio, hala nola, merkataritza lokalak dinamizatzeko plana, gorabidean dauden sektoreen enplegu plana edo enpresa hazitegi berriak".
Gamarra Errugbiaren Hiria
"Hiri biziago bat" sustatzera zuzendutako diru partidetan ekimen berritzaileak nabarmentzen dira. Hala, hirian zehar komun publiko gehiago sortzea, Ariznabarra auzoan aparkaleku bat sortzea auzotarren eskariari erantzuteko, edo eskolaz kanpoko jarduerak sustatzea zaurgarritasun maila handiagoa duten ikastetxeetan.
Bestalde, EH Bilduk Gamarra Errugbiaren Hiria deitu duena ere sartzen da. "Eskari hori Gaztedik egiten du Gamarrako gunean instalazio espezifiko batzuk sortzeko". Gainera, EH Bilduk jarraipena ematen die aurreko ekitaldietan sartu zituen ekimenei: Gasteiz Euskararen Hiria, Gazte Plaza edo 1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren 50. urteurreneko ekitaldien prestaketa.
Trantsizio energetikoaren alorrean gasolio galdarak eredu iraunkorragoetara aldatzeko proiektu pilotu bat martxan jartzeko proposamena onartu du udal gobernuak, eta Larragorri parkean Eraztun Berdea ixteko laguntza teknikoa konrtatatzea. Berriro ere energia komunitateak sortzeko diru laguntzak izango dira, Gasteizen eta Araba Erdialdean Biosferaren Erreserba sortzea edo enpresen deskarbonizazioarekin eta garraioaren elektrifikazioarekin lotutako neurriak.
507 milioi euroko aurrekontua
Maider Etxebarria alkateak positibotzat jo du ituna. Bere hitzetan, "merezi du gobernu honekin adostasunak hitzartzea, emandako hitza betetzea eta lehentasunezko helburu hau baititu ardatz: hiriak aurrera egitea. Horixe eskatzen digute herritarrek, eta horixe ari gara lortzen".
Behin akordioa itxita, hiriburuak inoizko aurrekonturik handiena izango du 2026an: 507,5 milioi euro "bizilagunen beharrei erantzuteko, kalitatezko zerbitzu publikoak izaten jarraitzeko eta mahai gainean ditugun proiektuei ekiteko", ziurtatu du Gasteizko alkateak.