Gasteizko Udalak 507,5 milioiko aurrekontua aurkeztu du 2026rako

Jon Hidalgo 2025eko abenduaren 10a

PSE eta EAJko ordezkariek aurkeztu dute aurrekontu proposamena. Argazkia: Gasteizko Udala.

Inoizko aurrekonturik handiena da, lehen aldiz gainditu ditu 500 milioiak. Akordioak bilatu beharko ditu Udal Gobernuak oposizioko taldeekin.

Maider Etxebarria alkateak eta Beatriz Artolazabal lehen alkateordeak aurkeztu dute PSE-EAJren Udal Gobernuak 2026rako prestatu duen aurrekontu proiektua. Guztira, 507,5 milioi euro izango ditu, aurtengo kopurua baino %6,5 handiagoa, eta lehen aldiz gaindituko du 500 milioiko muga. Aurrekontu hau "hedakorra, sendoa eta koherentea" dela nabarmendu dute, herritarren beharrei erantzuteko eta proiektu estrategikoak blindatzeko helburua duena.

Aurrekontuak aurrera ateratzeko, baina, oposizioaren babesa beharrezkoa izango dute. Etxebarriak eta Artolazabalek adierazi dute ez dutela "marra gorririk", eta EH Bildurekin zein gainerako taldeekin akordioak bilatzeko prest daudela. "Proiektu ona da, baina zuzenketen bidez hobetzeko tartea du", nabarmendu dute.

Etxebarriaren gobernuak sei ardatz estrategiko nagusitan antolatuta aurkeztu du aurrekontu proiektua: hiri zaintzailea eta inklusiboa, hiri jasangarria, hiri lehiakorra, hiri aktiboa eta bizia, auzo eta herrien hiria, eta hiri hurbil eta eraginkorra.

Inbertsio nagusiak

Inbertsio "errealetara" bideratuko den diruak igoera izango du proposatutako aurrekontuan, 64,3 milioi euro bideratuko dira, %8 gehiago. Hirigintza eta espazio publikorako proiektuak ere aurkeztu dituzte, San Antonio kalea, Legutianoko Atea eta Voluntaria Entrega kalea eraberritzea; Zaramagako proiektua amaitzea; galtzadak, argiteria eta berdeguneak indartzea.

Kultura eta ekipamenduen arloan, Principal Antzokiaren birgaitzea (7,2 milioi) eta ekipamendu eszenikoa (1,7 milioi) sartu dituzte; Iradier Arenaren eraldaketa (400.000 euro) eta Maturana Berastegi jauregia, Memoriaren Gunearen diseinurako (200.000 euro). Garraioaren esparruan bost autobus elektriko berri aurreikusi dituzte, TUVISAren flotan zero emisioko 33 ibilgailu izatera iritsi asmoz; landa garraioaren aurrekontua ere %28 igoko da.

Gizarte politikak eta zaintza

116,3 milioi euro gizarte babesera bideratuko dira, adinekoentzako baliabideak eta familia zein pertsona kalteberentzako laguntzak indartuz. Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua 26 milioira iritsiko da, eta BIZAN sarea indartzeko helburua ere azaldu dute: Landazuriko jantoki berria, Zaramagako eguneko arreta zentroa eta BIZANen berrirekiera. Alde Zaharrean osasun zentro berria eraikitzeko lehen urratsak ere eman nahi dituzte datorren urtean, babes-etxe zaharreko espazioa askatzea eta San Prudentzioko LAR birkokatzea.

Segurtasuna, jasangarritasuna eta ekonomia

Segurtasun Sailaren aurrekontua %39,2 handituko da. Agirrelandako komisariaren berrikuntza aurreikusi dute, eta bideozaintzarako baliabideak handitzea.

Hondakinen bilketa eta tratamendurako 50 milioi euro baino gehiago bideratu asmo ditu udalak. Etxebizitzen birgaitzerako 3 milioi eta udal eraikinen birgaitzerako 1,8 milioi. Aldabe Gizarte Etxeko birgaitze energetikorako 700.000 euro.

Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak 17,9 milioi izango ditu; horietatik 9,1 enplegu eta prestakuntza politiketara joango dira. Tokiko merkataritza bultzatzeko 2,7 milioi; kongresu eta turismo sustapenerako 1,7 milioi; Forondako aireporturako 1,1 milioi. Talentu Bekak abian jarriko dira (80.000 euro), gazteen ezagutza Gasteizen atxikitzeko. EDA Drinks & Winesen etorkizuneko egoitzarako 500.000 euro bideratu nahi dituzte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago