ALEAk ziurtatu duenez, Gasteizko Udala suhiltzaileen oposizioan iruzurrezko genero aldaketa baten inguruko salaketa ikertzen ari da. "Pertsona hori emakumeen txandan onartu zen, emakumea dela dioen dokumentu ofizial bat (NAN) aurkeztu zuelako", esan du udalak, eta gaineratu du kontsulta bat egin diela zerbitzu juridikoei, eta aztertzen ari direla aurkeztutako errekurtsoa salatzaileei erantzun bat emateko.
Horrelako iruzurrek zuzenean trans pertsonen eskubideak kaltetzen dituztela azpimarratu du Bea Sever Naizen Euskal Herriko Adin Txikiko Transexualen Familien Elkarteko bozeramaileak, sarritan trans legea bera auzitan jartzen delako.
Nola baloratzen duzu Gasteizko suhiltzaileen oposizioaren harira dagoen iruzurrezko genero aldaketari buruzko salaketa?
Esan behar den lehen gauza da delitua gertatzen denean delitua egin duena zigortu behar dela. Beste legeekin ez da legea zalantzan jartzen, eta hemen bai. Arazoa ez da legea, arazoa da jende batek iruzurra egiten duela. Batzuetan jendea ezkontzen da paperak egiteko edo lortzeko, eta inork ez du zalantzan jartzen ezkontzen kasuan ezkontzak arautzen dituen araudia berrantolatu edo berregin behar denik. Iruzur fiskala egiten denean ez dute esaten legea aldatu behar dela.
Iruzur asko atzematen da trans legean?
Oso jende gutxi da, seguruenik beste lege batzuetan iruzur gehiago dago lege honetan baino, baina oso mediatikoa omen da. Orduan, gainera mediatikoa egiten denean, justu da harrapatu dutelako iruzurra egiten duena, hau da, egin izan denean ez da onurarik lortu oso agerikoa izan delako. Erraza da antzematen. Hau da, zuk datuak aldatzen badituzu, izena edo sexu aipamena edo biak, erregistrotik ezin dute ezer egin, eta onartzen dizute, baina aldaketa horrekin zeozer lortu nahi baduzu oso erraza da antzematea, azken finean bakarrik izaten delako oposizio baterako edo lanpostu igoera baterako, onura bat ateratzeko. Bestela zer onura dauka emakume izateak? Zein izan daiteke onura? Zorionez, Gasteizen gertatu den bezala, oso agerikoa da, eta noski kaltetuak izango direnak konturatzen dira eta salatu egiten dute.
"Aldaketarekin abantailak lortu nahi badituzu, oso erraza da antzematea"
Beste arrazoiren bat egon daiteke tarteko?
Beste batzuetan, adibidez ertzainaren kasuan, egin izan dute justu legea deuseztatzeko helburuarekin. Guk, adibidez, elkartean neskato bat dugu gurasoak banatuta dituena; aitak ez zuen onartzen alaba bat zuenik, eta aitak aldaketa egin du nolabait min egiteko: "Ez dut onartzen alaba bat daukadanik, eta nik ere aldatuko dut". Aldatu du izena eta sexua, eta orain beste izen batekin doa. Agertu diren polizien kasuetan bezala, bere helburua izan da agerian uztea lege honek zer erraztasun ematen dituen datuak aldatzeko. Bada, bai erraztasunak ematen ditu, hori da hain zuzen legearen helburua.
Zer berme jartzen du legeak iruzurra saihesteko?
Legearen helburua da nolabait eskubideak parekatzea, eta zaurgarritasun egoeran zeuden pertsona batzuen eskubideak parekatzea beste guztien eskubideekin. Hau da, denok daukagu eskubidea gure dokumentazioan gure izena eta sexua agertzeko, eta beraz erraztu behar zaie bidea orain arte eskubide hori izan ez dutenei. Legeak bidea erraztu behar du. Ni egon nintzen legearen zirriborra egiteko estatu mailan egin zen lantaldean, eta mila buelta eman genion bermearen kontuari. Zer berme lor daitezke? Ez dago modurik. Ezkontza baten kasuan, adibidez, lekukoak eramatearekin, berdin-berdin egin dezakezu iruzurra; psikiatra batek baieztatzea, demostratuta dago psikiatra batek ezin duela identitatea baieztatu, eta hori ere iruzur bidez egin daiteke norbait ordainduta edo zure laguna izanda. Iruzurra egin nahi izanez gero, edozein berme jarrita ere lor daiteke. Azkenean ondorioa zen asko zailtzen zuela prozesua eta kaltetzen zuela hain justu babestu behar zuen kolektiboa.
"Salatu badute seguruenik oso argi dagoelako da"
Iruzurrak atzemateko mekanismo nahikoa dago?
Pentsatu behar dugu legearen iruzurra egiten denean badaudela mekanismoak hori saihesteko, orain gertatu den bezala, salaketa bat egon dela eta ikerketa bat egingo dela, eta gehienetan oso argi dago onura bat lortzeko egiten dutelako. Lehen aipatu dizudan aita horren kasuan, adibidez, iruzurra da, baina ez du inongo onurarik atera, inork ez du salaketa jarri orain arte, eta ez da iruzur bezala kontatzen. Halere, erregistro zibilak ere susmoa baldin badu iruzurra dagoela auzia fiskaltzara igo dezake, badago horretarako prozedura bat. Azken finean, egin dezaketen gauza bakarra da, beste lege askorekin bezala, iruzur fiskalarekin egiten den bezala, ikerketa bat egin eta ikusi ea pertsona horrek egin duen helburu horrekin. Kasu honetan uste dut oso argi dagoela; salatu badute seguruenik oso argi dago.
Kaltea egiten diote iruzurrek trans pertsonei?
Legea behar duen jendearentzat oso kaltegarria da zalantzan jartzen delako legea bera, eta ez delitua egin duena, eta hori da deigarria beste lege guztiekin ez delako egiten. Guretzat sekulako kaltea ekartzen dute horrelako kasuek, bat-batean iruzur kasu bat dagoelako eta lege guztiak jartzen direlako zalantzan, eta asko kostatu zaigu pertsona hauei bermatzea besteok ditugun eskubideak.