Oposiziogile batek nortasun agirian generoa aldatu zuen Gasteizko suhiltzaileen oposizioetan emakumeentzako kupoan sartzeko, eta horri esker plaza lortu du. Hori da, hain zuzen ere, oposiziogile talde batek dioena, eta salatu dute pertsona horrek berdintasun araudien eta Trans Legearen (4/2023) "iruzurrezko erabilera" egin duela.
Gasteizko Udalari auzia ikertzeko eskatu diote, baina erantzuna izan da, gaurko legeria jarraituz, kontuan hartu dutela "izangai bakoitzaren nortasun agiri nazionalean aipatutako sexua".
ALEAk oposiziogileekin hitz egin du. Ez dituzte izen-deiturak eman nahi. "Euskadin izan den suhiltzaileen azken oposizioan berdintasunerako legea aplikatu zen, non emakumeentzako kupo bat gordetzen den. Pertsona batek NANa aldatu du gizonetik emakumera, eta susmoa dugu legea baliatzeko izan dela. Inguruko jendeak baieztatu digu hala izan dela, baina ez dut uste publikoki salatuko dutenik", esan du salatzaile batek.
"Emakumezkoak bakarrik deitu gintuzten igeriketa proba hori egitera, eta hor konturatu ginen gizon bat zegoela"
Oposiziogileen arabera, ustezko iruzurgileak generoa aldatu zuen Erregistro Zibilean, baina ez haren izena, eta ez zuen haren itxura aldatu. "Gizon gisa identifikatzen da une oro", azpimarratu dute, eta azaldu dute sare sozialetan ere gizon bezala identifikatzen ari dela.
Salatzaileek ALEAri adierazi diotenez, "aurretik zurrumurruak" baziren ere, oposizioaren igeriketa proba egin zutenean berretsi zuten gizon itxura zuen pertsona bat parte hartzen ari zela emakumeen taldean. "Emakumezkoak bakarrik deitu gintuzten igeriketa proba hori egitera, eta hor konturatu ginen gizon bat zegoela. Gainera, begirale bati eskatu zion gizonezkoen aldagelak zabaltzeko emakumezkoenak zabalik zeudenean", esan dute.
Suhiltzaileen oposizioaren behin betiko zerrendak atera zirenean salatzaileak ohartu ziren pertsona horrek plaza lortu zuela emakumeentzako gordetako kupoari esker. "Gai delikatua da, baina ikusten dugu gaiaren inguruan hitz egiteko, pentsatzeko eta hausnartzeko modu bakarra auzia jakitera ematea dela".
Arduratuta daude, gainera, gizonezko batzuek egindakoa babesten dutelako eta gizon gehiago animatzen ari direlako hori egitera. Izan ere, salatzaileek azaldu dutenez, oposizioaren harira sortutako whatsapp talde batean jokaera hori "txalotzen ari dira gizonezko batzuk, eta beste gizonak gauza berdina egitera animatzen ari dira, administrazioek ez baitute inolako kontrolik jarri genero aldaketa horren asmoak egiaztatzeko" dio hirugarren batek.
Salaketak udalaren aurrean
Oposiziogileek ustezko iruzurra salatu dute udal administrazioaren aurrean. "Uztailaren 17an zenbait lagunek jakinarazpen bat bidali genuen Gasteizko Udalera". Erantzuna urrian jaso zuten. "Indarrean dagoen araudia eta legeria betez, kontuan hartu da izangai bakoitzaren nortasun agiri nazionalean aipatutako sexua", esan zuen udalak. Ikusgunerekin ere batzartu dira salatzaileak orain dela hilabete batzuk, eta informazio guztia eman diote.
"Gai delikatua da, baina ikusten dugu hausnartzeko modu bakarra auzia jakitera ematea dela"
Azken aste honetan, gainera, hainbat lagunek gertatutakoa salatu dute udalaren sare sozialen bitartez. ALEAk jaso dituen mezuetan iruzurrezko genero aldaketari buruz hitz egiten dute, eta udalari neurririk ez hartzea leporatzen diote salatzaileek: "Gasteizko Udaleko suhiltzaileen azken hautaketa prozesuan, gizonezko izangai batek (ez-transexuala) sexua aldatu du bere NANean, gizonetik emakumera, izena ere aldatu gabe, proba fisikoetan emakumeen baremoa baliatzeko helburu bakarrarekin. Eta lortu zuen". "Ez dira zalantzan jartzen ez inoren nortasuna, ez transexualen eskubideak. Askoz sinpleagoa eta larriagoa den zerbait salatzen ari gara: erregistro aldaketa bat iruzurrez erabiltzea lehia-abantaila bat lortzeko oposizio publiko batean, baremo bereizien zentzua erabat desitxuratuz".
"Arrazoizkoa da azalpenak eskatzea, gertatutakoa berrikustea eta, batez ere, neurri argiak hartzea. Gardentasuna eta segurtasun juridikoa funtsezkoak dira hautagai guztiok baldintza berdinetan lehiatzen garela bermatzeko".
Emakumeentzako plazak, lehen aldiz
Suhiltzaileen oposizioan emakumeentzako plazak gordetzearen aurka dagoen jarrerarekin lotzen dute salatzaileek gertatutakoa. Izan ere, lehen aldia da Gasteizko suhiltzaileen oposizioan emakumeentzako plaza erreserba aplikatu dena.
2023an onartu zuen Eusko Jaurlaritzak Suteen prebentzio eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuen Lege Proiektua. Lege berriak lanpostuak betetzean eta barne-sustapenean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko neurriak ezarri zituen, lehenbiziko aldiz: "Gaur egun plantilletan oso emakume suhiltzaile gutxi daude, eta lege honek, beraz, ezartzen du erakundeek sustapen plan espezifikoak jarri behar dituztela martxan suteen itzalketako zerbitzuetan emakumeen presentzia bermatzeko".
Lehen aldia da Gasteizko suhiltzaileen oposizioan emakumeentzako plaza erreserba aplikatu dena
Alde horretatik, kategoria bakoitzean txanda libre bidez sartzeko hautaketa prozesuetan emakumeek beteko duten plaza kopuru bat zehaztu behar dute euskal administrazioek, horien presentzia orekatu ahal izateko. Kopuru hori deialdia egiten duten erakundeek zehazten dute, baina ezin da deitutako plaza kopuruaren %25etik beherakoa eta %40tik gorakoa izan.
Gogoratu behar da Gasteiz hiriburuko suhiltzaile parkean dauden 150 suhiltzaileetatik zazpi bakarrik direla emakumeak.