Kalamuaren osagaietako bat da CBDa, kanabidiola, eta azken urteotan interes handia piztu du, baita eztabaida ere, izan dezakeen erabilera terapeutikoagatik. CBDak ez du efektu psikoaktiborik, THCa da marihuanaren osagaietatik "kolokatzen" duena. Munduko Osasun Erakundearen arabera, CBDa segurua da, eta potentzial handia du erabilera terapeutikorako. Hala ere, legeak oraindik ez du guztiz argi utzi nola eta zertarako erabili daitekeen, eta horrek zalantza ugari sortzen ditu, bai kontsumitzaileen artean, bai saltzaileen artean ere.
CBDaren mundua gertutik ezagutzen du Jon Cordobak, Gasteizko Alde Zaharreko Zapatari kalean dagoen Los Remedios de la Yaya dendaren jabeak. Gaztetatik izan du harremana kalamuarekin, baina gaur egun marihuana kontsumoarekin lotutako estereotipoetatik aldendu da, eta CBDaren erabilera terapeutikoan zentratu. Kalamuarekin dauden aurreiritziak leuntzeko helburua du, publiko orokorrago batengana heltzeko.
Cordobaren dendara sartzen denak ez du aurkituko growshop baten irudia. Growshopetan, tradizionalki, marihuana landatzeko eta erretzeko produktuak saldu izan dira. Los Remedios de la Yayan, aldiz, ez dago marihuana estetika klasikorik, ezta kontsumo ludikoarekin lotutako produkturik ere. Helburua bestelakoa da: alternatiba natural bat eskaintzea mina arintzeko, antsietatea gutxitzeko edo loaren kalitatea hobetzeko, besteak beste.
Dendan mota askotako produktuak dituzte. Kremak eta baltsamoak gorputzeko minetarako; aurpegirako eta gorputzerako kosmetika, ezpainetarako kremak eta ukenduak, infusioak, CBD olioak edota CBD loreak. Azken hauek dira jendeak erretzeko erabiltzen dituenak, nahiz eta berez bildumazaleentzako produktu gisa merkaturatzen den. Cordobaren dendan, adibidez, jende gehienak loreak erosten ditu, eta ondoren, olioak eta kremak dira gehien eskatzen diren produktuak.
Nork eta zertarako?
Cordobak dioenez, ez da jende gaztea izaten dendara hurbiltzen dena. 35 eta 80 urte artean kokatu ditu bere bezeroak. "Mina duten pertsonak izaten dira, eta farmaziako produktuek laguntzen ez dietenak. Edo albo ondorio gutxiagoko produktu bat bilatzen dutenak, zerbait naturala". CBDa ez da mirari bat, aitortu du Cordobak ere, baina bezero askorentzat "arnasa" dela dio. "Ez du sendatzen, baina mina arintzen du".
Ohikoa da arazo onkologikoak dituzten pertsonek hartzea, edo esklerosi anizkoitza dutenek, adibidez. Epilepsia kasuetan ere erabili ohi da medikuntzan, eta Cordobak dio fibromialgia duten pertsona askori laguntzen diela CBDak, edota nerbio sistemako arazoak dituztenei, orokorrean.
Noski, min oso gogorrak dituztenentzako ez da eraginkorra izango ziur asko, fentaniloa eta halako opiazeo indartsuak hartu beharra dutenentzat, baina min arinagoentzako bai. "Fibromialgiak, loa, apetitua, estresa... horrelakoetarako CBDa miraria da", dio Cordobak. Argi utzi du ez dela sendagarria, "baina bai gorputzaren erregulatzailea".
Balio medizinala
Plazebo efektuari buruz galdetuta, Cordobak esan du agian batzuek plazeboa sentituko dutela, "baina erostera itzultzen badira zerbait egiten dielako izango da. Jendeak lasaigarri mentalak ere behar ditu". Hala ere, argi dago ez dela soilik plazeboa. Hainbat ikerketak frogatu dute CBDak eragina duela. Ikerketa zientifikoa falta da oraindik, eta marihuanaren inguruko tabuak eta ziurgabetasun legalak ez dute ikerketa erraztu. Baina bidea egiten ari da, eta badaude arrazoiak pentsatzeko erabilera positibo gehiago aurkituko direla.
Gizakiok sistema endokanabinoidea dugu, gorputzaren hainbat funtzio erregulatzen dituen sistema, izan loa, apetitua, memoria, gorputzaren tenperatura, sistema immunologikoa eta abar. Giza gorputzak berez sortzen ditu kalamuaren osagaien antzeko elementuak, eta hainbat errezeptore ditugu elementu hauen aurrean erantzuten dutenak. CBDak eta THCak errezeptore horiek aktibatzen dituzte, eta gorputza erregulatzen lagundu dezakete, ondo erabiliz gero. Horregatik erabiltzen da Espainiako Estatuan THC eta CBDa konbinatzen dituen botika bat epilepsia kasu larrietarako, edo kimioterapiak eragindako goragaleak lasaitzeko.
Baina legeak hainbat muga jartzen ditu kanabinoideen erabilerarako. CBDaren inguruko araudia nahasia da. Produktu jangarriak ez daude baimenduta, eta dendetan soilik erabilera topikorako edo "bildumazale erabilerarako" saldu daitezke. Hala ere, azken lege aldaketek ate batzuk ireki dituzte.
Zer dio legeak?
2025eko urrian 903/2025 Errege Dekretua onartu da Espainian, kalamua legeztatuz erabilera medizinalerako. Horrela, medikuek errezeta bidez eman ahal izango dituzte ospitale eta farmazietan banatzen diren sendagai estandarizatuak. Hala ere, araudi honek ez du aldatzen CBDaren aisialdirako erabilera. Aisialdirako CBDa soilik da legezkoa %0,2 THC baino gutxiago duen kasuetan. Lege honek, zenbait zentzutan murriztailea bada ere, bidea zabal dezake ikerketa gehiago egiteko.
"Araudia behar da", dio Cordobak "mundu guztiak jakin dezan CBDa ez dela kaltegarria, bai bezeroek eta baita saltzaileek ere". Baina beldurra ere badu, ea sortzen joango den araudiak zeinen alde egingo duen, enpresa farmazeutiko handien alde, edo berea bezalako komertzio txikien alde. Baliteke alkohola eta tabakoaren antzeko bidea hartzea, farmazia edo estankoetara mugatzea, edo malgutasun gehiagoz saldu ahal izatea bestelako dendetan.
Europan adibidez, eredu ezberdinak ikus daitezke. Alemanian denda txikien "alde" arautu da, eta Frantzia antzeko bidea hartzen ari dela dio Cordobak. Austrian, berriz, farmazeutiken eta estankoen monopolioa dagoela dio, salneurri oso altuekin.
Modu batera edo bestera, araudia beharrezkoa dela dio, saltzaile eta bezeroei segurtasuna emateko. Los Remedios de la Yaya dendan saltzen duten guztia, antzeko dendetan bezala, erregulatua dago, eta trazabilitate osoa du, ekoizpenaren hasieratik bezeroaren eskuetara heltzen den arte. Cordobaren esanetan "online denda asko daude, prezio oso baxuekin, baina ez dakizu zer hartzen zabiltzan".
Eta negozioa badago. Gasteizen CBDari bideratutako hainbat denda daude, eta estanko batzuetan ere saltzen dira CBD loreak. Iturri batzuen arabera, Espainian 6.500 enplegu zuzen sortzen ditu CBDak, eta horrek farmazia industriaren interesa piztu du. Baina arazoak ere ekar diezazkieke farmaziei, Cordobak dioenez, CBDa legeztatzeak beste sendagai batzuk kentzea ekar dezakeelako, eta horrek diru galera ekar dezake industria farmazeutikoarentzat.
Aurreiritziak eta beldurra
Estigma handia dago oraindik CBDaren inguruan, marihuanari buruzko beldurrek sortua. Baina ahoz ahokoak asko laguntzen duela dio Cordobak. "Ikusten dute lagun bati funtzionatu diola, eta erosten dute. Eta haiei funtzionatzen badie, itzultzen dira". Askok beldurra diote "tontotuta" gelditzeari, baina CBDaren munduan dabiltzanek gogorarazten dute CBDak ez duela efektu psikotikorik, ez duela halakorik eragiten. Lasaitu egiten zaituela, baina arreta jartzeko gaitasuna murriztu gabe.
Pixkanaka aurreiritziak desagertzen ari direla dio Cordobak, eta etorkizunean normalizatzeko aukera ikusten du. Horretarako, aipatu bezala, araudi garbia eskatzen du. Trazabilitate osoa, kontsumitzaileen segurtasuna bermatzeko, eta ikerketa zientifikoa sustatu beharra, onura berriak identifikatu ahal izateko. Bien bitartean, Los Remedios de la Yaya bezalako dendetan informazioa, gertutasuna eta esperientzia da eskaintzen duten balio gehigarria. "Jendeak norbait behar du beldurrak eta zalantzak argitzeko norbait".
Legez onartutako CBDak printzipio aktiboen ehuneko txikiak ditu, eta ezin du THC arrasto handirik izan. Hala ere, hainbat ikerketak diote THCa eta CBDa uztartzen direnean nabarmen eraginkorragoak bihurtzen direla produktuak. Hala ere, THCa psikoaktiboa denez, eztabaida horrek luzaroan iraungo duela espero dute. Beraz, Cordobak dio CBDaren erabileran sakontzea dela oraingoz aukera onena, kalamua orokorrean legeztatzearen eztabaida ebazten den bitartean. Ordura arte, halako produktuekin eguneroko bizitzarako laguntza aurkitzen dute pertsona askok.