suhiltzaileen oposizioak

Gasteizkoa ez da kasu bakarra

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko urtarrilaren 15a

Gasteizko suhiltzaileak lanean. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Gasteizko salaketa ez da azken urteetan jazo den bakarra. Donostian eta Katalunian izan dira kasu gehiago. Trans kolektiboaren alde lan egiten duten mugimenduen arabera, iruzurrak gutxiengoa dira.

2023ko martxotik, 16 urtetik gorako edonork eska dezake erregistroan sexua aldatzea, mediku txostenik, txosten psikologikorik edo hormona tratamendurik aurkeztu behar izan gabe. Hala ezartzen du otsailaren 28ko 4/2023 Legeak, trans pertsonen berdintasun errealari eta eraginkorrari eta LGTBIQ+ pertsonen eskubideak bermatzeari begira. Lege horrek erabateko aldaketa ekarri du legearen esparruan eta dokumentu ofizialen eremuan ere genero identitatea aitortzeko moduan.

Legeari esker, legez sexua aldatzeko nahikoa da Erregistro Zibilean horretarako nahia adieraztea. Ez da derrigorrezkoa izena aldatzea, ezta itxura fisikoa ere. Lehen, tratamendu bat hasita izatea exijitzen zuten, baita medikuen txostenak aurkeztea ere. Dena den, sexu aldaketa egiten duen pertsonak horretarako "benetako nahia" erakutsi behar du, eta ezin du aldaketa baliatu legeari iruzur egiteko.

Gasteizko oposiziogilearen kasuan beste kide batzuek salatu dute erregistroan sexua aldatu duela oposizioak gainditzeko –badirudi azkenean ez duela plaza bete, baizik eta Arkautiko akademian sartu dela bere prestakuntzarekin jarraitzeko–, eta legearen iruzurrezko erabilerari buruzko eztabaida ireki da berriro.

Donostiako ertzaina

Gasteizko salaketa ez da azken urteetan jazo den bakarra. Donostian, kasu, 2024an ertzain bat atxilotu zuten emazteari aizto batekin eraso egitea egotzita. Gero jakin zen Espainiako trans legea erabili zuela ertzainak 2023ko azaroan Erregistro Zibilean izendapena aldatzeko eta emakume gisa agertzeko, eta horrek eragina izan zuen kasua indarkeria matxista gisa tratatzeko orduan.

Erasotzaileak legeari iruzur egin ote zion ikertzeko kasua hartu zuen Gipuzkoako Fiskaltzak eta Emakumeen Indarkeriaren kontrako auzitegira bideratu zuen.

Katalunian, aldaketak

Kataluniako Generalitateko suhiltzaileen erakundean ere izan dira kasuak. Generalitateko bi suhiltzailek — bata Badalonako parkean eta bestea Vic-ekoan— sexua aldatu zuten 2024an. Antza denez, emakumeentzako plazen erreserbaren aurkako zuzeneko erreakzio gisa egin zuten, Gasteizen ustez gertatu den bezala. Generalitateko Suteak Prebenitzeko Zuzendaritza Nagusiak ikerketa bat abiarazi zuen bi kasuen inguruan, eta, hain zuzen ere, iruzur salaketa horien ondorioz, Generalitateak suhiltzaileen oposizioen oinarriak eguneratu zituen, eta iruzurra egin izanaren "funtsezko zantzurik" izatekotan oposiziogilea prozesutik kanpo uztea ezarri.

Izan ere, Generalitateko Barne sailak suhiltzaile plaza lortzeko emakume gisa erregistratu zen hautagai bat kanporatu zuen 2025ean. Herrizaingo Sailak kasuari buruzko txosten zehatza eskatu zuen, bere talde juridikoarekin batera egina, erregistro aldaketa erabilera instrumental hutsa ote zen zehazteko. Ikerketak ondorioztatu zuen lege iruzurraren arrazoizko zantzuak zeudela.

Kasu puntualak

Halere, trans kolektiboaren eskubideen alde lan egiten duten mugimenduek aspaldi adierazi dute arazoa ez dela legea: arazoa da iruzurra egiten saiatzen den jende talde bat dagoela. Azpimarratu dutenez, gainera, askotan militarrak, poliziak edo suhiltzaileak dira sexua erregistroan aldatzeko eskubidea abantailak lortzeko erabiltzen saiatzen direnak. Erakunde hauen arabera, kasu puntualak eta gutxiengoa dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago