Gasteizko bi udaltzain zigortu dituzte, atxiloketa batean "gehiegizko indarkeria" erabiltzeagatik

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko urtarrilaren 8a

Udaltzaingoaren irudia, Gasteizen. Argazkia: UDALA

Arabako auzitegiak 1.800na euroko isuna eta kalte ordaina ezarri die Gasteizko bi udaltzaini, patinete elektrikoan zihoan adingabe bat atxilotzerakoan neurriz kanpoko indarkeria erabiltzeagatik.

Gasteizko bi udaltzain zigortu ditu Arabako Probintzia Auzitegiak, 16 urteko mutil bati lesio delituak egitea egotzita. Epaileak frogatutzat eman du poliziek gehiegizko eta neurrigabeko indarkeria erabili zutela, patinete elektrikoan zihoan adin txikiko mutil bat atxikitzeko. 1.800na euroko isuna eta bien artean 4.380 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko dituzte. Era berean, Gasteizko Udala bi agenteen erantzule zibil subsidiario gisa kondenatzen dute. 

2023ko martxoan izan ziren gertakariak, Zabalgana auzoan. Oinezkoentzako eremu batean patinete elektrikoan zihoan adingabea, "abiadura handian", eta motoan zihoazen bi udaltzainek gelditzeko eskatu zioten. Arabako Probintzia Auzitegiko 2. sekzioko autoaren arabera, gazteak ez zuen jaramonik egin, eta ihes egiten saiatu zen.

Hainbat minuturen ondoren, gaztea geldiaraztea lortu zuten poliziek, epailearen hitzetan, "neurrigabeko indarkeria" erabilita. Epaiak azpimarratu duenez, ez da behar bezala egiaztatu behin patinetetik jaitsi ondoren, adingabea "ihes egiten saiatu zenik edo agenteren baten bila joan zenik", ezta behin lurrean egonda haiekin borrokan aritu zenik ere, indarra eginez edo ostikoka.

Aitzitik, auzitegiak dioenez, egindako froga eginbide guztietatik nahikoa egiaztatuta geratu da patinetetik jaitsi ondoren, gazteak ihes egiten utzi zuela, eta, hala ere, poliziek "gehiegizko eta neurriz kanpoko indarkeria" erabili zutela. Ondorioz gazteari, besteak beste, sudurra hautsi zioten. Gainera, antsietatea, beldurra eta beste ondorio psikologiko batzuk izan zituen hilabeteetan.

Epaia ez da behin betikoa eta apelazio helegitea jartzeko aukera dago EAEko Justizia Auzitegi Nagusian. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago