Galapagar sindromea deitu dakioke, akaso. Ala urteetan pilatutako autonomismoaren abantailak, auskalo. Arrazoia ezein dela ere, kontua da aurten Olentzerok eta Mari Domingik baserritzarra dutela. Azken urteotan partekatu duten etxola txikia atzean utzi eta higiezin dotorea eskuratu dute Gabonetako euskal pertsonaiek: bost metroko garaiera eta zortzi metroko zabalera duen baserria Zulueta jauregiko lorategietan paratu dute. Gainera, Olentzero eta Mari Domingi ez ezik, inguruan dituzten galtzagorriak ere handik hona ibiliko dira. Kokapen berria ezagutarazteko zabaldu duen oharrean, udalak dio "benetako galtzagorrien" animazioa egongo dela zenbait egunetan, munduko gainerako galtzagorriak benetakoak ez balira bezala.
'Horra!'
Espazio berriari Horra! izena eman diote, inguruneko basoa ere hainbat elementuz apaindu dutelarik: txondorra, ardiak, oiloak, asto bat, baserriaren munduko hainbat elementu eta su baten inguruan daude galtzagorriak, hain zuzen ere. Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziak aldarrikatu du "deigarria izango den espazio propioa" eman nahi izan dietela pertsonaiei. "Asmoa Gabonetako ibilbide bat osatzea da; hau da, Floridako Jaiotza bisitatzen dutenek metro gutxi batzuk egin eta Zulueta jauregiko lorategiraino joatea, euskal mitologiari eskainitako gune horretaz gozatzeko. Horrela, Gabonetako korridore bat sortuko dugu, etxeko txikienen gozamenerako", azaldu du. Kasu honetan, aintzat hartu behar da Eguberri egunera arte baino ez dela egongo zabalik.
Horrez gain, bikoteak beste hainbat agerpen izango ditu. Auzoz auzo egongo dira, eta abenduaren 24ko goizean udaletxearen aurrean egongo dira, haurren gutunak jasotzeko. Gero, 18:00etan, Iparralde gizarte etxetik abiatuko den kalejiraren protagonistak izango dira.
Erregeak, trenez
Errege Magoen bisita, berriz, urtarrilaren 5ean hasiko da. Aurreikusi dute 11:00ak aldera iritsiko direla tren geltokira eta, ondoren, Goiuri jauregian artatuko dituzte urtean zehar ondo portatu diren haurrak zein horren txukunak izan ez direnak ere. Kabalgata 19:00etan abiatuko da, Bilbo plazan hasita. Aparteko ikuskizuna espero da, 300 lagun, zazpi karroza eta antzezpenak alboetan egongo direlako oparien aurreko gau magiko horretan.
"Benetako galtzagorriak" egongo direla aurreratu du Gasteizko Udalak. Argazkia: GASTEIZKO UDALA