Ondo pasatzea da plan bakarra

Juanma Gallego 2025eko abenduaren 19a

Urtez urte, puzgarriak dira haurren artean arreta gehien erakartzen duen Gaboneko Haur Parkeko proposamenetako bat. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Eguberriekin batera, Gabonetako haur Parkea ezinbesteko hitzordua da txikienentzat. Iazko toki berdinean egingo dute aurten, baina egun bat gutxiago egongo da irekita, urtarrilaren 4ra arte.

Europa Jauregiko beheko solairuan jarriko dute, beste urte batez, Gasteizko Gabonetako Haur Parkea, 14 urtera arteko haur eta gaztetxoei une dibertigarriak eskaini asmoz. Gabon Zaharreko arratsaldean eta Urteberri egunean izan ezik, abenduaren 26tik aurrera egunero irekita egongo da, urtarrilaren 4ra arte. Aurten egun bat aurrerago itxiko dute, konturatu direlako urtarrilaren 5eko goizean ez zegoela demaseko eskaerarik. Goizeko ordutegia 11:00 eta 14:00 artekoa izango da, eta 16:30etik 20:30era bitartean arratsaldez.
 
Goizeko txandan sarrerak 3 euro balioko du, eta 3,5 euro arratsaldekoaren kasuan. Adingabeak laguntzen dituzten helduek, berriz, euro bat ordaindu beharko dute sartzeko. Ticketak bai haur parkean bertan zein aldez aurretik online eskuragarri daude. 

Sarbidea erraztu

Baliabide gutxiko familien sarbidea laguntzeko gehienez 200 sarrera erreserbatu dituzte. "Modu honetan, normalean Gabonetako oporretan zehar jolasteko eta dibertitzeko espazio honetara joateko modurik ez duten neska eta mutilek aukera izango dute Gabonetako Haur Parkeaz disfrutatzeko", azaldu du udalak. 

Iazko eskemarekin alderatuta, aretoetako bat lekuz aldatu dute: 0 eta 4 urte arteko umeentzat bideratuta zegoena Green aretora joango da oraingoan, handiagoa baita, eta haurrentzako gurdiak sartzeko eta askariak emateko espazio gehiago duelako. 

Gogora ekarri dute zortzi urtez beherako haurrak uneoro heldu batek lagunduta egon beharko direla, eta gomendatu dute erreferentziazko heldu horren telefono zenbakia idaztea parkerako sarbidea ematen duen eskumuturrekoan bertan. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago