Justizia eskatu dute Kerman Villaterentzat

Anakoz Amenabar 2025eko abenduaren 14a

Elkarretaratze jendetsua egin dute Gasteizko Arka plazan. Argazkia: HALA BEDI

Ehunka lagun bildu dira larunbat goizean Gasteizko Arka plazan, Kerman Villate Beitia gaztearen omenezko elkarretaratzean. Joan den otsailaren 23an hil zen, Mitika diskoteka atarian, eraso baten ondorioz.

Justizia Kermanentzat herri plataformak deituta, ehunka herritarrek egin dute bat larunbatean Arka plazan antolatutako mobilizazioan, Kerman Villateren auzian "justizia" eskakizuna bizirik mantentzeko ahaleginean. Bertsoak, aurreskua eta minutu bateko isilunearekin gogoratu dute gaztea.

Probintzia Auzitegiak hartutako erabakiaren ostean deitu dute elkarretaratzea, Kermani eraso zion Mitika diskotekako atezaina aske utzi eta delitu eskaera arindu ondoren. "Kermanen heriotza ez zen istripu bat izan. Dokumentazioak argi erakusten du: azpikeriaz jokatu zuen atezainak", nabarmendu dute gurasoek plazan irakurritako oharrean. Ezbeharra gertatu baino 30 segundo lehenago kamerek grabatutako irudiek eraso "antolatua" izan zela frogatzen dutela esan dute, eta hasieratik instrukzio epaileak gertakariak hilketa gisa kalifikatu zituela, dokumentatutako frogetan oinarrituta. "Zer aldatu da ordutik? Zer gertatu da Auzitegi Probintzialak auzian halako aldaketa eragiteko, instrukzioaren sendotasuna alde batera utzita?

Gurasoek "inpotentzia eta inpunitate zantzuak" salatu dituzte, eta erakundeei eta herritarrei gogorarazi diete kasu honek familiaren minaz haragoko dimentsioa duela. "Udal gobernua, Mitika, LeBasque... Kerman, lokalaren segurtasunaren arduradunak hil zuen. Justizia egiteko ardura dutenek utzi dute libre hiltzailea. Zeri eutsi?". 

Gurasoek eskerrak eman dizkiete "hilabete zail hauetan" laguntza eta berotasuna eskaini dieten senide, lagun eta herritar guztiei, eta bereziki nabarmendu dute Justizia Kermanentzat plataformak kasua ikusarazteko egindako lana.

"Justizia eta egia " eskatu dituzte Arka plazan deitutako mobilizazioan. Argazkia: HALA BEDI

Erlazionatuak

Kermanen alde, egiaren alde

Erabiltzailearen aurpegia Beñat Martinez Beitia eta Aitor Villate Uribe abe 10 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago