Iritzia

Kermanen alde, egiaren alde

Erabiltzailearen aurpegia Beñat Martinez Beitia eta Aitor Villate Uribe 2025eko abenduaren 10a

Argazkia: KERMANENTZAT JUSTIZIA

"Kerman ez zen hil; hil egin zuten"

Otsailaren 23ko goizaldean Kerman hil zuten, Gasteizko Mitika diskotekaren kontrol gunearen ondoan. Gure lehengusua, gure iloba, gure laguna... betirako galdu genuen. Baina bizitza kentzearekin aski ez, eta baten batzuk Kermani egia lapurtzen ere saiatzen ibili dira ordutik.

Hilketaren biharamunean, dagoeneko, gertatutakoaren errelato interesatu bat zabaldu zuten, Kermanen heriotza gaueko giroan eman ohi diren liskarren ondoriozko istripua izan zela aditzera emanez. Batzuek horrela itxi nahi izan zuten kapitulu ilun hau, inor zipriztindu ez zezan. Baina epaile instruktorearen ikerketari eta, neurri handi batean, familiak egindako esfortzu izugarriari esker, errelato interesatu horren sinesgarritasuna bertan behera geratu zen. Kerman ez zen hil; hil egin zuten. Gau hartan, bera eta bere lagunak Mitika diskotekara bertaratu ziren, baina Kerman atetik zenbait metrotara zegoen kontrol postuan gelditu zuten diskotekako atezainek. Beranduago sartuko zela esan, eta pixkat itxaron behar zuela. Minutu batzuk beranduago, eta inolako liskar edo eztabaidarik egon gabe, atezain batek ustekabean eta koldarki ukabilkada gogorra eman zion masailean Kermani, bera lasai eta babesgabe zegoen une batean. Ukabilkada eman eta berehala, atezain hau diskoteka barrura sartu zen, Kerman lurrean botata utziz eta inolako laguntzarik eman gabe. Hau guztia toki zehatz batetan gertatu zen, atezainak Kermani egoteko agindu zion tokian; diskotekaren kamerek grabatzen duten eremutik kanpo dagoen tokian, hain zuzen. Aurretik ere atezainek beste eraso batzuetan erabili ohi zuten tokian, baina oraingoan distantzia txiki batengatik kalitate eskaseko beste kamera batek grabatzea lortu zuen tokian.

"Ebazpen iraingarri honen aurrean, ezin gara ahoak itxita gelditu. Egoera honek Kermanen memoria defendatzera behartzen gaitu"

Bestalde, hilketa honen benetako ardurak estaltzeko edo zuzenean desbideratzeko saiakerak ere etengabeak izan dira. Eta berriki, Kermanen memoriaren aurkako eraso berri bat jasan dugu gertukook. Kasu honetan, Arabako Probintzia Auzitegiaren partetik. Orain dela bi aste eman zuten ebazpenean, gertatutakoaren erralato aldatua hauspotu zuten, autopsiari, segurtasun-kameretako irudiei eta epaile instruktoreari berari ere kontra eginez. Gertaerei larritasuna kendu eta azpikeriazko hilketaren kalifikazioa zalantzan jartzeko. Ondorioz, hiltzailea aske utzi zuten, 6.000 euroko fidantza irrigarria jarrita. Ebazpen iraingarri honen aurrean, ezin gara ahoak itxita gelditu. Egoera honek Kermanen memoria defendatzera behartzen gaitu. Jendeak ulertuko duenez, gertukoentzat horren mingarria den gaia publikoki salatzera irtetea ez da gauza erraza, ezta atsegina ere, baina Arabako Probintzia Auzitegiak hartutako jarrera eta erabakia onartezinak iruditzen zaizkigu, eta gure burua behartuta ikusten dugu egiaren alde egin eta kalera ateratzera. Dolua igaroezina baita egiarik eta justiziarik gabe.

Gauzak honela, larunbat honetan, abenduak 13, elkarretaratzea egingo dugu Gasteizko Arka Plazan, 12:00etan. Kermani errespetua eta maitasuna adierazteko ekitaldia egingo dugu bertan, eta batu nahi duen orori bertaratzeko gonbita luzatzen diogu.

Bizitza lapurtu dizute, egia ez dizute kenduko.

Kermanen izeba-osaba eta lehengusu-lehengusinak.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago