Askabide klinikaren aurrean "otoitz egiten" aritutako 21 antiabortista absolbitu dituztela eta, protesta deitu du Gasteizko Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak, gaur arratsaldean, 19:00etan Urrezko Zeledonen plazan, Correos parean. Antiabortisten helburua emakumeak eta klinikako langileak kriminalizatzea izan dela salatuko dute, eta abortatzeko eskubidearen defentsan elkartuko dira.
Absoluzio epaia kritikatu dute, argudiatuz emakumeen babesa eta ongizatea alboratu direla, eta ohartarazi dute epai honen ondorioz baldintzak ezarri direla "protestak are lasaiago eta inpunitate osoz aurrera eramateko".
Abortuaren pribatizazioa
EAEn egindako abortuen %95 zentro pribatuetan egiten da. Osasun sistema publikotik bideratuta, eta Osakidetzak finantzatuta, baina pribatuan. Itaiatik salatu dute enpresa pribatuak diru publikoaren bidez aberasten ari direla, batetik, eta bestetik, "horrek abortua kalitatezkoa eta unibertsala izatea eragozten" duela.
Egoera honen aurrean, zerbitzu publikoen desmantelamendua eta pribatizazioa kritikatu dituzte, eta aldarrikatu dute beharrezkoa dela amaitzea "errentagarritasun ekonomikoan oinarritutako osasun sistemarekin".
Bi noranzkotan kokatu dute abortu eskubidearen aldeko borroka. Lehenik, abortu eskubidea urratzen duten neurriei zein "aurkako posizionamendu erreakzionarioei" aurre egiteko beharra aldarrikatu dute. Eta bestalde, doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa izango den abortuaren alde borrokatzea.