Absolbitu egin dituzte abortu klinikan "otoitz egiteagatik" epaitutako 21 pertsonak

Jon Hidalgo 2025eko abenduaren 9a

Antiabortistak Askabide klinikaren aurrean, 2022an. Argazkia: ALEA

Epaileak ebatzi du klinika aurrean kartelekin jartzeak ez ziela jazarpenik eragin pazienteei zein langileei. Epaia ez da irmoa.

Gasteizko 1. Zigor Auzitegiak absolbitu egin ditu 2022ko udazkenean abortu klinika baten aurrean otoitz egiteko elkartu ziren 21 pertsonak. Beatriz Roman epailearen sententziak adierazi du akusatuak "modu baketsuan" aritu zirela eta ez dela frogatu koakzio deliturik, ezta jazarpenik ere.

Epaileak nabarmendu du akusatuek "biltzeko eskubidea" baliatu zutela beren mezua helarazteko: bizitzaren alde otoitz egitea eta laguntza eskaintzea. Testigantzen arabera, beti kokatu ziren klinikaren aurrean, gutxienez hamabost metroko distantziara, eta gehienez bost lagun elkartu ziren aldi berean. "Ez da frogatu akusatuek indarkeriazko jarrerarik izan zutenik, ezta klinikako langileei edo pazienteei begira akusazioan aipatutako ekintzak egin zituztenik ere", dio sententziak.

Fiskaltzak eta akusazio partikularrak bost hilabeteko kartzela zigorra eskatu zuten, baita 10.000 eta 20.000 euro arteko kalte ordainak eta urruntze aginduak ere. Argudiatu zuten ekintzok oztopatu egin zutela emakumeen haurdunaldia eteteko eskubidea, eta klinikako lanari traba egin ziotela. Hala ere, epaileak baztertu egin du akusatuek "jazarpenik" eragin izana, eta nabarmendu du ez dela identifikatu abortua bertan behera utzi behar izan zuen biktima zehatzik.

Klinikako zuzendariak adierazia zuen "mezu iraingarriak" jaso zituela eta paziente batzuek hitzorduak bertan behera utzi zituztela. Hala ere, ez zuen zehaztu zein pertsonak egin zituzten ekintza horiek, eta horrek zaildu egin du akusazioa. Defentsaren abokatuek, berriz, azpimarratu zuten akusatuek "isilik otoitz egin" zutela, hormaren kontra eta begiak lurrera begira, inolako irainik edo mehatxurik gabe.

Ekintzak 2022ko irailaren 28tik azaroaren 6ra bitartean izan ziren, Gasteizko Errioxa kaleko Askabide klinikaren aurrean. Parte hartzaileek kartelak eraman zituzten klinikara zihoazen emakume eta langileei presio egiteko, "40 egun bizitzaren alde" edo "Ez zaude bakarrik, hemen gaude zuri laguntzeko" bezalako esaldiekin. Sententziak, baina, zalantzan jarri du klinikako arduradunaren eta langile baten testigantzen balioa, "gehiegizko magnifikazioa" izan zutelakoan, esanez ez direla guztiz fidagarriak.

Epaia ez da irmoa, eta Arabako Probintzia Auzitegian helegitea jartzeko aukera dago. Oraindik ez da behin betiko erabakia, baina momentuz 21 lagunek ez dute zigorrik jasoko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago