Erakundeak interpelatzeko helburua duen manifestazioa antolatu du Denon Bizitzak Erdigunean taldeak, "erabakiak har ditzaten zaintza sistema publiko eta komunitario baten bidean". Horrez gain, zaintza sistemak eragiten dituen sektoreen arteko aliantzak ehuntzen jarraitu nahi dute. Horregatik, arabarrak deitu dituzte, abenduaren 13an Plaza Berritik abiatuko den mobilizaziora.
Denon Bizitzak Erdigunean Arabak gogoratu du dinamika hau Covid pandemiaren ondoren abiatu zela Hego Euskal Herrian, "zaintza sistemaren gabeziak" eta langileen zein zaintza premia duten pertsonen "eskubide urraketak ikusita". Testuinguru horretan, 2023ko azaroaren 30ean zaintza sistema publiko eta komunitario bat aldarrikatzeko egin zen historiako lehen greba feminista orokorra.
Diagnostikoa eta beharrak
Ondoren, Araban sektore arteko mahai bat sortu zuten diagnostiko bat egiteko eta lurralde mailan lehentasunak ezartzeko. Joan den ikasturtean, parte hartze prozesu bat egin zuten horretarako, eta asanbladak egin zituzten herrietan eta auzoetan, eta gaiari lotutako sektore espezifikoekin osatu zuten diagnostikoa. 2025eko ekainaren hasieran, Arabako Herri Akordioa aurkeztu zuten, zaintzen sektoreko lehentasunezko aldarrikapenak jasotzen dituena.
Arabako 124 taldek bat egin dute akordioarekin, eta azpimarratu dutenez "kopuru hori handitzen ari da". Horrez gain, Arabako Foru Aldundian erregistratu dute Herri Akordioa.