Zaintza sektorean aldaketa errealak eskatu dituzte 124 eragilek

Jon Hidalgo 2025eko azaroaren 14a

Aldundiaren aurrean egin dute prentsaurrekoa Herri Akordioko kideek. Argazkia: ALEA

Zaintzaren Herri Akordiotik mobilizazioa iragarri dute abenduaren 13rako, eredu pribatizatzailearen aurrean zaintza publiko eta komunitarioak aldarrikatzeko.

Zaintzaren Arabako Herri Akordioan bat egin duten eragileek agerraldia egin dute Foru Aldundiaren aurrean, zaintza arloan "aldaketa errealak" eskatzeko. Abenduaren 13rako mobilizazioa deitu dute Gasteizen. Zaintzak gureak publikoak, komunitarioak eta guztionak; zuena pribatizatua eta negozioa izango da mobilizazioaren leloa, eta 12:30ean abiatuko da Plaza Berritik.

Mobilizazioaren helburua da zaintzaren problematika sozializatzea, eragileen arteko aliantzak sortzea eta instituzioak presionatzea. Antolatzaileek salatu dute instituzioek baliabideak pribatizatu eta negozio bihurtu dituztela, eta horrek agerian uzten duela arduragabekeria eta konpromiso falta.

Denon bizitzak erdigunean

Euskal Herriko Mugimendu Feministak duela bi urte abiatu zuen Denon bizitzak erdigunean dinamika, zaintzaren krisia salatzeko eta eredu publiko-komunitario baten alde egiteko. 2023ko greba feminista orokorraren ostean, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak erantzuten ez zutela ikusita, lanean jarraitzea erabaki eta Arabako Herri Akordioa lantzen hasi ziren.

Azken ikasturtean zehar kolektibo eta eragile ezberdinekin saretu dira hasierako bultzatzaileak. Sektore bakoitzeko beharrak aztertu eta prozesu kolektibo anitza garatu dute. Arabako berezitasunak kontuan hartuta, lehentasunezko aldarrikapenak biltzen dituen taula bateratua aurkeztu zuten 2025eko ekainean. Aldarrikapenak eragileei helarazten aritu dira azken hilabeteetan, eta 124 kolektibok eskaerekin bat egin dutela jakinarazi dute. Prentsaurrekoaren amaieran Herri Akordioa erroldatu dute aldundian.

27 aldarrikapen jaso zituzten akordioan, eta gizarteko hainbat sektore interpelatu dituzte horiekin: Arabako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, tokian tokiko udalak, zaintza enpresa pribatuak, gizonak, norbanakoak, eta gizartea, oro har.  

27 aldarrikapen, bederatzi atal

Zaintza arloa iraultzeko beharrezkotzat jo dituzten aldaketak bederatzi ataletan jaso dituzte. Zerbitzuen publifikazioa da lehen eskaera, orain artekoak "progresiboki publifikatuz" eta sortzen diren zerbitzu berriak publiko eginez. Etxeko langileen zerbitzua publiko bihurtzeko urratsak ere eskatu dituzte. Era berean, zaintza sektoreko langileentzako baldintza duinak exiijtu dituzte, eta horretarako Arabako hitzarmen propio bat eratu dadila eskatu dute. Sare pribatuko baldintzak sare publikokoekin parekatzea ere eskatu dute.

Atzerritartasun Legearen abolizioa eskatu du Herri Akordioak hirugarren atalean, migratuen erregularizaziora bidean. Betekizunik gabe erroldatzeko eskubidea, udal harrera zerbitzuak eta ikasketen homologazioa, besteak beste. Landa eremurako oinarrizko zerbitzu publiko deszentralizatuak ere exijitu dituzte. Zaintza sistema feminista eta komunitario bilakatzeko pausoak emateko eskatu dute, "gizonek zaindu behar dutela" esanez, kontziliaziorako neurri eraginkorren bidez, besteak beste.

Eskolaz kanpoko jarduera publikoak sustatzea da beste ataletako bat, "gizarte arrakalarik gabeko" aisialdia izateko. Desgaitasunen bat dutenentzako lan baldintza duinak ere eskatu dituzte, eta gutxieneko pentsioa gutxieneko soldatarekin parekatzea ere bai. Azkenik, zaindua entzuteko neurriak ere eskatu dituzte, zaintza pertsonan oinarritu dadin, eta zainduak diseinuan parte hartu ahal izan dezan.

124 eragileen zerrenda

Lumagorri, Arabako Mugimendu Feminista, Mujeres de la diáspora africana, Lagundu elkartea, ATHCA, Zaintza Araba, Pentsionistak Araba, Enarak kooperatiba, Zabalgana Hezkidetza sarea, Ernai Araba, Erresidentzietako sektorea, LAB, ESK, STEILAS, Harramazka, Emakumeok Gerraren Aurka, "Arlobiko Bardoak" Gorbeialdeko bertso eskola, Kukuso, Asociación de vecinos Aranako, Espacio de Urbanimo Feminista, Judimendi Feminista, Osasun Publikoa Aurrera Gasteiz, Baratza aretoa (arte eszenikoen aretoa), Ariznabarra Berpiztu, Judimendi auzo elkartea, Asparreneko Mugimendu Feminista, Ampa Baialdea, Zokorrak, Errota Zaharra Auzo Elkartea, Aiaraldeko gazte feministak, Orozkoko Mairien Kolektiboa, Sorginlarren elkartea, Kirikino aisialdi taldea elkartea, Orozkoko Gazte Asanblada, Colectivo de Migrantes Tinkuy, Triskari dantza taldea, Gure Esku Gasteiz, Mendialdeko talde feminista, Iniciativa por el Derecho a Techo y Contra la Exclusión Social de Gasteiz, Pagazuri - Virgen de Oro eskolako Guraso Elkartea, Salburua burdinbide auzo elkartea, IGE Gorbeia eskola, Sumendi, Judimendiko Gazte Asanblada, Indar Baskonia Hintxa Taldea, Aiaraldeko Greba Batzordea, Atzabal mendi taldea, Zuria naturala elkarte ekologikoa, Amurrioko gazte asanblada, Barrundiako kontsumitzaile taldea, Altzarrate Kirol Elkartea, Amarauna Basket Fem, Gazte Karpa, Gasteizko Bilgune Feminista, Urkabustaiz babestuz, Lan eta jolas kirol eta kultur elkartea, Estuñagan mendi taldea, Suberri Gazte Asanblada, Ampa izarra herri eskola, Izarrako potroa, UGA (urduñako gazte asanblada), Garaion, Kimuak Atarrabi, Barrundian eraso matxistarik ez, Aramaixoko Talde Feminista, Auzolana Pilotalekua, Amurrioko Emakumeon* Sarea, Asociacion de mujeres Aurreraka, Otsati Elkartea, Orbain K.E., Ikama, AEK araba, Asociación Salhaketa Araba, Aiaraldeko Mugimendu Feminista, Asparrena Palestinarekin, Lautadako Mugimendu Feminista, Eztenak Zuiako Talde Feminista, Alpitxu Gorri Guraso Elkartea, Zuia Bidean, Orbeko Etxea, Iturzuri Emakume Elkartea, Lamuza Gurasoen Elkartea, Salburua feminista, Errota Anitza, Txintxularra Aisialdi Taldea, Batuta, Gasteizko E28 Koordinadora, Urduñako Mugimendu Feminista, Miaukatuz Kirol Kluba, Zaitegiko Gaztetxea, Zigoitiko Gazte Asanblada, Artziniegako Talde Feminista, Errekaleor Bizirik, Gaztedi Rugby taldea, Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba, Etxegorri auzo elkartea, Txagoko Komunitate Sarea (TKS), Aramaioko Lagunkoia taldea, Zirriborroa Kultur Elkartea, Asociacion Menagaraiko Emakume Taldea, Bizigarri Zaramagako Auzo Elkartea, Zaharraz Harro, Herrizoma, SOS Arrazakeria, Gasteiz antiarrazista, Gasteizko euskal eskola Publikoaz Harro plataforma, RASDeko lagunen elkartea, Adap, Colombia Euskadi, Haaly Pular elkartea, Sorginenea, Arabako Errioxako Asanblada Feminista, Zuiako gazte asanblada, Zizkiño mendi taldea, Medicus Mundi, Etxerat, Arabako Sare, Setem Hego Haizea, Ige-ampa Kilimak Barrundia Eskola publikoa, Alaiak jubilatu elkartea, Txagoko auzo elkartea, Bor-bor elkartea, Aiaraldea ekintzen faktoria eta Auzoan Bizi.  

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago