Hego Euskal Herriko errentaren mapak landa eremuaren eta hirigunearen, iparraldearen eta hegoaldearen, erdialdearen eta periferiaren arteko arrakalak erakusten ditu, baina baita auzo aberatsen eta pobreenen artekoa ere. INEren datuen arabera, errentaren gaineko arrakala udalerri handietan eta hiriburuetan gertatzen da, batez ere. Eta udalerrien barruko aldeak nabarmenagoak dira familia errenta aztertzen denean.
Hiriburu guztietan eta eskualdeko udalerrien kasu askotan, auzo aberatsenen eta pobreenen arteko arrakala 40.000 eurotik gorakoa da, eta Gasteizen adibidez, arrakala 75.000 eurorainokoa da; besteak beste, Arana, Alde Zaharra eta Ehari Gobeo auzoak eremu dirudunen oso azpitik daude; Mendizorrotza, esaterako. Hala, auzo batzuk pobreziaren atalase inguruan daude –18.000 euroko familia errenta–, eta beste batzuek, berriz, 39.000 euroko familia errenta (Gasteizko batez bestekoa) gainditzen dute.
Ildo horretan, Alde Zaharra eta Mendizorrotzaren arteko muturreko kontrastea berresten dute INEren azken datuek: Mendizorrotza da barrutirik dirudunena (104,773 euro), eta haren atzetik daude hego-mendebaldeko landa eremua (62.804), Aretxabaleta-Gardelegi (62.218), eta Lovaina (57.273). Aldiz, auzo pobreenak Ehari Gobeo (29.708), Alde Zaharra (30.514), Arana (30.982), Koroatzea (31.404) eta Zaramaga(31.460) dira.
Aberatsen fenomeno erresidentzialaren ondorioz du Mendizorrotzak errenta familiar altua, ez hainbeste soldatak eta etekinak hor bertan sortzen direlako. Izan ere, Mendizorrotzak bere errentaren ia %25 kapital higigarriagatik lortzen du: akzioen salmentak, enpresen dibidenduak, transakzioen edo jarduera ekonomikoen ondoriozko gainbalioak eta lanetik kanpo lortzen diren bestelako onura ekonomikoak.