Kartzela zigorrak eta inhabilitazioa eskatu dituzte bi udaltzainentzat

Jon Hidalgo 2025eko abenduaren 4a

16 urteko gaztea, jipoiaren ostean. Argazkia: H.C.N.P

Zabalganean patinetean zihoan gazte bat atxikitzean zauriak eragin izana leporatzen diete agenteei. Udaltzainek emandako azalpenak eta bideoan ikusten dena ez datoz bat.

Zabalgana auzoan 2023an patinete elektrikoan zihoan adingabe bati eraso egitea egotzita dauden bi udaltzainen aurkako epaiketa asteartean amaitu zen, eta epaiaren zain dago orain. Fiskalak eta akusazio partikularrak adierazi dute gazteak eraso zuzena jasan zuela, eta bi agenteen jarduera "desproportzionatua" izan zela.

Akusazio partikularrak urtebeteko kartzela eta hamar urteko inhabilitazioa eskatu ditu. Fiskalak, berriz, zigor txikiagoak proposatu ditu, kartzela zigor laburragoa eta bi urteko inhabilitazioa.

Epaiketan aurkeztutako bideoan ikus daiteke nola bi agenteek Aimar motoz jarraitu eta azkenean geldirik zegoenean lurrera bota zuten, Aimarrek zebrabidea errespetatu gabe pasatu ondoren. Fiskalak azpimarratu du ez zela beharrezkoa gaztea horrela eraistea. Gazteak hematomak eta sudur haustura jasan zituen. Testigantzek diote lurrean zegoela hainbat ostiko eta ukabilkada jaso zituela, nahiz eta agenteek esan duten kalteak erorketaren ondorioz gertatu zirela.

Agenteen kontraesanak epaiketan

Akusatuen testigantzek kontraesan ugari izan zituzten, fiskalak nabarmendu duenez. Agenteek adierazi zuten hirurak batera erori zirela lurrera, baina bideoan argi ikusten da agenteetako bat gazteari gainera bota zitzaiola.

Epaiketa Gasteizko Justizia Jauregian egin zen, eta bertan biktimaren familia, lekukoak eta akusatuak entzun ziren. Orain, sententzia epailearen esku dago.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago