Iñigo Ortiz da Parral zabaldu zuten kideetako bat, eta bertan jarraitzen du, buru-belarri, Alde Zaharraren bilakaeraren lekuko. Tabernaren ibilbideaz eta egungo egoeraz aritu gara berarekin hizketan.
Nolatan hartu zenuten Parral taberna?
Lau lagun ginen, Ermukoak. Bat ikasten ari zen Gasteizen, eta hark ekarri zuen proposamena; IKA euskaltegikoek taberna utzi nahi zutela eta jende bila zebiltzala. Lauron artean hitz egin genuen eta animatu ginen, ez genuen lan irtenbide hoberik.
Zerbait berezia egin nahi izan zenuten tabernarekin hasieran?
Bai, musikarekin batez ere. Taberna ez zedila izan ostalaritzakoa bakarrik, kulturala ere izatea. Lehenengo urtean ezin izan zen, hasieran ez genuen ez bazkaririk, ez pintxorik ere, ezer ez.
Nolakoa izan da ibilbidea ordutik?
Denetarik egon da, pixkanaka aldatzen. Estetikarena beti izan dugu oso presente, diseinatzaileak ekarri, eta bizpahiru urtean behin margotu izan dugu taberna... hamabi bertsio ezberdin izan ditugu, gutxienez. Bigarren urtetik aurrera menuak ematen hasi ginen, eta kontzertuekin ere bai. 29 urte daramatzagu kontzertuak egiten. Denetik pasa dugu urteotan, garai gogorrak izan ditugu, ondo pasatzekoak ere bai; asko egin dugu lan, gero erlaxatu ere egin gara... Hasieran lau ginen, gero hiru, gero ni bakarrik gelditu nintzen, eta bi sukaldarirekin egin genuen talde berria...
Kulturari garrantzia handia eman diozue.
Bai, hasieratik ikusi genuen Gasteiz, edo Alde Zaharra gutxienez, nahiko hilda zegoela aste barruan. Asteburuetan zabalik egoten ziren areto handiak, baina aste barruan ez zegoen kultur ekitaldirik. Ermutik bagentozen esperientzia pixka batekin, kontzertuak antolatuta gazte asanbladan edo. Eta proposamena egin ziguten, Contraculture taldean, egunero kontzertu bat egiteko, beste taberna batzuekin batera. Guk astearteak aukeratu genituen. Contraculture hil zen, urte eta erdi edo iraungo zuen gehienez, eta guk erabaki genuen astearteak mantentzea.
Eta hala gelditu da gaur arte?
Uste dut gu garela programazio iraunkor zaharrena daukan aretoa, Euskal Herri osotik agian. Eta badugu publikoa. Jendea badator, gustatzen bazaio gelditzen da, eta bestela badoa, baina badakite astearteetan emanaldiren bat dagoela. Guri egonkortasuna ematen diguna taberna da, eta jantokia. Kontzertuak gehienetan diru galera izaten dira.
Nolakoa izan da egonkortze prozesua?
Hasieran gazteekin egiten genuen lan asko, gure publikoa zahartu egin da pixka bat. Lehen ikasle asko etortzen zen ostegunetan, lan asko izaten genuen hor. Eboluzioak bere bidea egiten du, adinarekin batera. Lehengo ikasleak dira gure oraingo bezeroak.
Alde Zaharreko giro euskaldunaren guneetako bat izan da?
Bai, kutsu hori eman genion, nahi genuen tabernan jendeak euskaraz hitz egitea. Eta uste dut hemen nahikoa euskara hitz egiten dela. Agian irakasle asko zetozelako, IKAkoak, AEKkoak eta beste.
"Hasieran gazteekin egiten genuen lan asko; gure publikoa zahartu da pixkat"
Iñigo Ortiz, tabernaria
30 urteotan ikusiko zenuten hiria ere aldatzen.
Bai, noski. Ireki genuenean kotxeak pasatzen ziren kantoian, ate ondoan aparkatuta egoten ziren, Herriko taberna zegoen parean... Hiru aldiz aldatu dute kaleko lurra 30 urtean, eta arrapala mekanikoak jarri.
Esaten da orain jendeak gutxiago edaten duela.
Ohitura batzuk, pena bat da, baina galtzen ari dira. Poteoa, tabernaz taberna joatea, trago motz bat edan eta taberna batzuk egitea; hori Kutxin gustatzen zitzaigun, eta gustatzen zaigu, baina egia da galtzen ari dela. Jendea gelditu egiten da, trago luzeagoak hartzen ditu, denbora gehiago egoten da tragoarekin. Txikiteoaren kultura hori jada ez dago.
Kutxiko Taskeroak ere elkartu zarete azkenean. Zer moduz dago ostalaritza?
Zortea izan da elkartu izana. Hori da pandemiak ekarri zuen gauza on bakarra, Kutxiko tabernariek elkarte bat egin genuela. Gehienbat kexatzeko, baina gero eraikitzeko ere balio izan du. Uste dut Kutxiko Taskeroak oso ondo egokituta gaudela auzoan. Harreman ona daukagu hemen dabiltzan elkarteekin, haiekin egiten dugu lan, eta auzoa egin nahi dugu, negozioa baino gehiago. 34 taberna gara berez Kutxin eta kantoietan, guztiak ez daude elkartean, baina gehienak bai.
Ondo dago kalea osasunez?
Hemen onena da ez direla tabernak galtzen. Negozioak aldatzen dira, baina ez dira galtzen, eta esentzia mantentzen dute. Ez gara gentrifikatzen ari, Donostian edo Bilbon bezala. Eusten ari gara. Eraso egiten digute, etortzen dira inbertsio ilunekin eta halakoekin, eta zerbait joango zaigu sartzen. Baina Kutxi kalea definitzen duen idiosinkrasia mantentzeko asmoa dugu. Ez dugu luxuzko tabernarik nahi.
Eta orain, beste 30 urte?
Ez, ez. Erretiratu beharra dago, lehenago edo beranduago. Baina gustura gaude. Urte asko daramatzagu gure zerbitzariekin, eta orain erosoagoa da. Nagusiok gutxiago egiten dugu lan, bide ematen diegu gazteei. Saiatzen gara jendea zaintzen. Pozik gaude, uste dut ibilbide ederra egin dugula, ekarpenen bat ere egin dugu bidean, eta horrekin gustura.