Frankismoa

Janariarekin, erresistentzia berpizten

Anakoz Amenabar 2025eko azaroaren 21a

Joan den urriaren 2an ekintza gastronomiko bat egin zuten, erresistentzia gogoratzeko. Argazkia: SUKALDE GERRILLA

Sukalde Gerrilla eta Zas Kultur elkarteen ekimenez, frankismo garaiko pasarte bat berreskuratu dute Gasteizko Anglo auzoan, diktadura frankistaren kontrako erresistentzia gune bat gogora ekarrita.

Sukalde Gerrilla egitasmoak ez du ohiko sukaldaritza tailerra eskaintzen: janaria, artea eta politika lotzen dituen tresna da. Hala erakutsi dute azken urteotan, eta baita berriki Gasteizko Anglo auzoan egindako ekintza gastronomikoarekin ere, Francoren heriotzaren 50. urteurrenean gogora ekarri dutena. Zas Kultur elkartearen ekimenez, auzoaren iragana ikertzen ari zirela, Sukalde Gerrillako kide Ruben Castillejok auzoan bertan bizi diren bere aitona-amonekin izandako elkarrizketa bati esker, bide ezezagun bat aurkitu du proiektuak: Las Pasiones izeneko taberna.

Vasco-Navarro tren geltoki zaharraren ondoan zegoen taberna, jasotako informazioaren arabera, 1940 eta 1967 urteen artean, Maria Garcia tabernariaren eskuetan. Edari zein janariaz gainera, lokal xume hori frankismoan erresistentzia gunea ere bazela jakin dute ikerlariek. Elkargune klandestino eta erresistentzia kutxaren gordeleku izan zen, Castillejo ekintzaile eta sukaldariak nabarmendu duenez. "Laster piztu zuen gure arreta. Auzoaren memoria historikoaren inguruan lanean ari ginela benetako jarduera politiko bizia zuen taberna bat topatu genuen".

"Erresistentzia estaltzeko erabili zuen Mariak janaria, eta guk janaria erabili dugu erresistentziaz hitz egiteko"

Ruben Castillejo, Sukalde Gerrilla

Jasotako informazioa ahozkoa baino ez denez, tabernako bezero edo gertu bizi zirenek kontatutakoa, ikerketak aurrera jarraitzen du, baina datu gako batzuk bildu dituzte dagoeneko. Besteak beste, taberna paketeak utzi eta hartzeko gunea zen, eta susmagarriren bat sartzen zenean irratiaren bolumena igotzen zuten, abisu modura. Tabernak janari xumea eskaintzen zuen, baina lortzen zituen elikagaiak erresistentzia taldeak babesteko modu bat ere baziren, jakin dutenez, sare antifaxistekin lotutako lekuetatik zetozen elikagaiekin, Galiziako Casaio meatzari inguruetako zezina kasu. "Mariaren jarduera klandestino honek frogatzen du garai haietan auzoan bazegoela pertsona bat oso aktiboki ibili zena erresistentzian, eta guk erresistentzia antifaxista hori berpiztu egin nahi izan dugu", azaldu du Castillejok.

Ibilaldia auzoan

Datu horiek eskuan, Castillejok berak gidatuta, joan den urriaren 2an Las Pasiones tabernako menua ekarri zuten Artiumeko plazatxora, taberna zegoen lekutik gertu, hamaiketako modura: zezina, olibak, gazta, irasagarra eta ardoa. Janaria aitzaki modura, taberna hartan bizitakoak gogoratu zituzten ekinaldira batu ziren auzokideek, eta gaur egunera ekarri. Hausnarketarako parada izan zuten, aipatu dutenez, oroimen historiko ariketa bat, erresistentzia antifaxista nabarmenduz. "Paralelismo bat egin nahi genuen. Erresistentzia estaltzeko erabili zuen Mariak edaria eta janaria, eta gu ere horretan saiatu ginen, janaria baliatu genuen Mariaren tabernari buruz eta erresistentzia antifaxistari buruz hitz egiteko, eta iraganeko kontu bat ez dela gogoratzeko".

Zas Kultur eta Sukalde Gerrillaren ekimenez, auzoaren memoria berreskuratzeko jarduera izan zuten. Argazkia. SUKALDE GERRILLA

Jardueran zehar, parte hartzaileek ez zuten Mariari buruzko datu zehatzik eman, baina beste istorio pertsonal batzuk partekatu zituzten: diktaduran hildako aitona erresistentzian, langile mugimenduekin lotutako senideak... Solasaldiak memoria zatikatu hori "osatzeko" balio izan zuen, Sukalde Gerrillako kideen hitzetan. Izan ere, egitasmoaren helburuetako bat publikoa kontsumitzaile huts izatetik "sortzaile" izatera igarotzea da. "Erresistentziatik ikasitakoak gaur egunera ekartzeko aukera izan genuen, zehatzago, egungo ultraeskuineko mugimenduen aurrean antifaxismoaren beharra aztertzeko". 

Oraingoz, ez dute Las Pasiones tabernaren inguruko datu gehiagorik lortu, baina lanean jarraituko dutela argitu du Castillejok, argazkiren bat edo bestelako informazioren bat eskuratzeko itxaropenez, eta horretarako herritarren laguntza eskatu dute, taldearekin harremanetan jartzeko dei eginez. Bien bitartean, Maria Garcia tabernariaren "konpromiso politikoa" bizirik mantentzeko lan egingo dutela gogoratu dute Sukalde Gerrillatik. "Janariaren bitartez, erresistentzia berpizten jarraituko dugu".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago